269 Memoriala bisitatu du Fernando Campin Villafruela errepublikarraren familiak
Campin 20 urte zituela hil zen Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean, 1939ko azaroaren 21ean, tuberkulosiak jota. Seme nagusia zen eta bando errepublikarraren alde borroka egin zuen, gaixotu zen arte.
Gernika-Lumon izan dira Fernando Campin Villafruela (Valverde de Burguillos, Badajoz, 1919) Gernika-Lumoko Gerra Presoen Ospitale Militarrean hil zen extremadurarraren familiako hiru senide. 20 urte zituela hil zen udalerrian, 1939ko azaroaren 21ean, tuberkulosiak jota.
Seme nagusia zen eta “bere laguna Patriciorekin” bando errepublikarraren alde borroka egin zuen, gaixotu zen arte. “Berez gerra amaitu eta zortzi hilabetera hil zen. Fernando izenak iraun egin du familian haren omenez, hildakoen beste familia batzuetan gertatu den moduan”, jakinarazi dute Pipergorri Kultur Alkartekoek.
Bisitan, familiartekoek –loba bik eta loba txiki batek– “emozioa eta familia oroitzapenak” bizi izan zituzten. Izan ere, Pipergori taldekoak lagun, Zalloko hilerriko 269 Memoriala eta Ospitale Militarraren ingurua –gaur egun institutua dena– bisitatu zituzten.
“Memoriak batzen gaitu. Gernikak Memoriaren zorra dauka Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean hildako 269 preso errepublikarrekin. Gure memoria kolektiboan –gernikarron memorian–lekua egin ebhar diegu erabat gurean integratzeko”, adierazi dute Pipergorrikoek.