Zuzeneko musika baino askoz gehiago biltzen duen jaialdia
Atzo arratsaldean (martxoak 17) hasi zen Lekuek jaialdia, eta martxoaren 25era arte zuzeneko musikarik ez da faltako Gernika-Lumoko hamaika txokotan. Segundo Olaeta Banda Sinfonikoarena izan da aurtengo lehenengo kontzertua.
Hamargarren urtez eskaintza zabala dakar Gernika-Lumoko Lekuek jaialdiak, eta antolatzaileek esan modura, aurten kaleak “inoiz baino gehiago” hartuko ditu.
Segundo Olaeta Banda Sinfonikoaren kontzertuagaz atzo 19:00etan hasi zuten udalerriko txokoak musikaz beteko dituen jaialdia; hain zuzen ere, udalerriko Segundo Olaeta Musika Eskola publikoak lehenengoz parte hartu du, eta musikariek gozatu eta publikoa gozaratzea lortu zuten. Emanaldiaren aurretik, jai handietan egiten den legez, txupina jaurti zuten Merkurion. Jende asko hurreratu zen bertara.
Kiko Veneno da aurtengo luxuxko gonbidatuetako bat. Atzo iluntzeko Lizeo Antzokiko emanaldirako aspaldi agortu ziren sarrerak. Areto eta kaleekin batera, herriko tabernak dira jaialdiko agertokiak, eta, atzo, esaterako, saltsaz gozatu zuten Caminitoko terrazan, Welder DJ egon zen Legoien eta Los notas del retumbe DJak Irrintzin.
Askotarikoa eta askorentzat. Zuzeneko 30 kontzertu baino gehiago prestatu dituzte datozen egunotarako. Baina, jaialdiaren eskaintza haratago doa; izan ere, dantzak, aurkezpenak, ikus-entzunezkoak, disko eta arte azoka, irratsaioa, umeentzako tailerrak, ipuin kontalaria eta hitzaldia ere badira egitarau oparoan.
Hamar urteotan musikari eta musikazaleen “bultzadari esker” sendo eutsi dio jaialdiak, hazten eta sendotzen asmatu dute antolatzaileek, eta behetik gora, txikitasunetik handitasunera, eta elkarlanean oinarrituta, herritik herrirako lan egindako jaialdiak sortu daitezkeenaren eredu da Lekuek.
-GAURKO EGITARAUA:
- 12:30. Boliña Zaharraren aurrean, Swingtxaku Klandestinoa, kalerik kale.
- 18:00. Arrien eta Sasoien tabernen aurrean, Urdaibai Kantagunea kalean zehar.
- 19:00. Musutruken, Garry.
- 20:00. La Bocan, Ziraun.
- 20:30. Astran, Metal fabrika: Bullets of Musery, Rise to Fall eta Wormed.
- 21:00. Iparragirre Rock Elkartean, kontzertuak: Los Sara Fontan eta Mohama Saz.
- 23:00. Zeppelinen, Stepi Selektah DJa.
-BIHARKO EGITARAUA:
- 11:00. Pasealekuan, Astra Txiki: umeentzako tailerra eta Trakamatraka ipuin kontalariaren emanaldia.
12:00. Pasealekuan, Disko eta Arte Azoka.
13:00. Merkurion, Joseba Irazoki.
14:00. Pasealekuan, Ha Venido Un Ciego kontzertua.
15:00. Aterpen, Amann and The Wayward Sons.
16:00. Alai tabernan, Arnau & the Honky Tonk Losers.
18:00. Kult Parnasoan, kontzertuak: Jazz con Papada, Eskularapeko Jazz Band eta Jam Session.