"Talde barruan lanketa sakon eta progresiboa egiten ari gara"
Urdaitri Motrivationek taldeka irabazi zuen Mungiako 24. duatloian. Ikusgarritasuna, lan dinamikak eta emakumeen inklusioa sustatzeko prozesuan murgilduta dago kluba.
Garaipenaren zaporea dagoen gozoenetakoa den arren, lehen postua taldekide guztiek batera lortzeak balio erantsia du. Urdaitri Motrivation taldekoek sobera dakite hori, oraintsu taldekako garaipen paregabea lortu baitute Mungiako 24. duatloian. Lorpen hori dela eta, taldeko partaide Endika Madariagak klubaren erradiografia egin du, egungo egoera azalduz.
Lehenik eta behin, zelako taldea da Urdaitri Motrivation?
Duatloia eta triatloia atsegin duten kidez osatutako kluba da, 2001ean sortua. Kebi taldearen errautsetatik jaio zen, izaera popularragaz. Talde herrikoia eta hurrekoa da, goi mailako lehiaketaz harago, kirolaz gozatu gura duten denentzat zuzenduta dagoena. Eskualde osoko kideak daude taldean, baina egoitza Gernika-Lumon daukagu. Egun, berrogei lagun inguru gaude Urdaitri Motrivation barruan.
Partaide kopuru polita dirudi. Hala da?
Klubak gorabeherak eduki izan ditu bere ibilbidean, kide kopuruari dagokionez. Nolanahi ere, zenbaki polita da. Orain, gainera, talde barruan lanketa sakon eta progresiboa egiten ari gara, partaide gehiago proiektura hurreratu daitezen.
Nolako lanketa da hori?
Talde funtzionamenduan eragitea dugu helburu. Izan ere, Busturialdean duatloi eta triatloiek duten jarraipenak erakusten digu jende gehiago bildu dezakegula taldearen aterkipean, baina horretarako erakarpen eta barne moldaketa lanak egin behar dira lehenengo. Atleta bakoitzaren helburuetatik harago, jendeak talde dinamika baten barruan funtziona dezakeela ulertzea bilatzen dugu: taldeko irteerak antolatzea dugu buruan, babesleak topatzen hasi gara, bazkide figura sortuko dugu, kideei entrenamenduak antolatuko dizkiegu… Asko dira egiten gabiltzan aldaketak, baina denek denbora behar dute. Gaur-gaurkoz, errealistak izan behar gara: ez du ezertarako balio aurreikuspen handiak egin, eta gero ezerezean geratzeak. Hurrengo jomuga bikoitza dela esango nuke: batetik, orain arte harturiko neurriak egonkortzea; bestetik, taldelana egiteko lantalde finko bat sortzea, hurrengo erronkei begira beharrean hasi ahal izateko.
Zein zirkuitutan lehiatu ohi du klubak?
Euskal Herriko duatloi eta triatloi zirkuituan presentzia edukitzen saiatzen gara. Horrek talde modura ikusgarritasuna eta batasun sentsazioa ematen dizkigu. Horrez gain, kirolari bakoitzak bere kirol egutegi propioa atontzeko aukera du: batzuk ironman itxurako distantzia luzeko probetara apuntatzen dira; beste batzuk, berriz, esprint itxurako laburretara; horiez gain, duatloiak zein triatloiak prestatzeko, igeriketa, arineketa edo txirrindularitza probetan izena ematen dutenak ere badaude. Ez gara inondik inora klub hermetikoa.
Duatloiak eta triatloiak jarraipena eduki izan du inguruan?
Baietz esango nuke. Horren erakusle da, besteak beste, 1997. urteko Munduko Txapelketa Gernika-Lumon egin izana. Bertoko duatloia, bestalde, Espainiako egutegiko zaharrenetakoa zen. Hortaz, esango nuke kirolarekiko jarraipena egon badagoela.
Zein egoeratan dago emakumezkoen inklusibitatea bai duatloiaren eta triatloiaren alorrean, bai klubean bertan?
Argi eta garbi utzi gura dugu Urdaitri Motrivation taldearen barruan duatloia eta triatloia maite duen edonork lekua duela. Hortik abiatuta, kirolok egiten dituen edo praktikatzen hasi gura duen edozein emakumeri animatzeko eta klubagaz hartu-emanean ipintzeko deialdia luzatu gura genioke. Izan ere, egun talde barruan dabiltzan emakumezkoen kopurua oso murritza da. Taldeko emakume kopuru urria, beste alde batetik, lehiaketetan ikusi ohi denaren isla da: gizonezko kopurua askoz ere nabarmenagoa da. Horri buelta emateko asmoa daukagu, eta horrexetarako lanean jarraitzeko prest gaude.
Mungiako 24. duatloian taldekako garaipena lortu zenuten. Egun berezia izan zen, ezta?
Oso berezia izan zen. Taldeka irabazteak bikoitza balio du, guztien lana aintzat hartzen delako. Bizkor dabilen jendea eroan genuen Mungiara, baina garaipena lortzerik ez genuen espero. Hain zuzen ere, podiu-
merako deitu gintuztenean, kideetako bakoitza bere baitara zebilen, eta ezusteko handiz hartu genuen deia. Garaipenak, horrez gain, hurrengoko probak motibazioagaz hatzeko balio izan zigun.
Unai Zoilo sukarrietarrak, gainera, bizikletako trantsizioan denborarik onena lortu zuen.
Sarritan gertatu den legez, Zoilo txirrindularitzatik iritsi da duatloietara. Bizikleta gainean egundoko erregistroa egin zuen, ibilbidea bere ezaugarrietarako egokiena izan ez arren. Zeresana emango du, seguru gaude.
Alusigma Peñota Dental taldeko Joanes Goitisolok irabazi zuen proba hura. Klubaren bideagaz estuki lotuta dago berea, ezta?
Modu oso estuan, bai. Goitisoloren maila ez da kontu berria. Aurten ere, badirudi neguan ondo entrenatzen aritu dela eta denboraldian erreferente izango dela. Oso hurreko mutila da, taldekide askogaz entrenatzen du, Urdaitri Motrivationegaz lotuta ageri da, eta klubetik onena opa diogu. Hain zuzen, klubeko lehendakari Roberto Floresegaz egiten ditu Goitisolok igeriketa prestaketak. Lotura begibistakoa da, hortaz.
Zeintzuk dira klubaren hurrengo jomugak?
Atleta bakoitzak bere bakarkako kirol helmugak edukiko ditu, baina badaude amankomunak eta elkarte mailakoak direnak ere: emakumezkoen taldea eratzea, taldearen presentzia publikoa sustatzea edota harrobia lantzen segitzea.