Urdaibai Kopako bigarren geltokia, Ereñon
Martxoaren 25ean egingo dituzte Ereñoko Mendi Martxa eta Lasterketa. Azken hori, Ibarrurikoaren ondoren, Urdaibai Koparako bigarren proba puntuagarria izango da. Internetez izena eman daiteke, baita egunean bertan ere.
Hurrengo asteko zapatuan, hilaren 25ean, egingo dute Ereñoko Mendi Martxaren IX. ekitaldia. Distantzia biko martxak eta mendi lasterketa egingo dituzte, profil eta adin denetako parte hartzaileei egokituta. Aurtengo aldia Ereñoko Udalak eta Ereñoko Gerandape Kirol klubak elkarlanean antolatu dute, udalerriko zenbait ostalaritza enpresaren babesagaz batera. Gainera, esangura berezia edukiko du. Izan ere, mendi lasterketa aurtengo Urdaibai Kopako bigarren proba izango da, hilaren 5ean Ibarrurin abiatu ondoren.
Internetez izena emateko aukera dago, erenomendimartxa.blogspot.com atarian. Internetez izena ematen dutenentzako prezioa 12 eurokoa izango da. Hori bai, egunean bertan apuntatzeko aukera ere edukiko dute bertaratzen diren mendizaleek, 15 euroren truke. Nolanahi ere, antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, proba guztietako parte hartzaile guztien batura, gehienez, 400 lagunekoa izan beharko da.
Martxa luzekoek eta lasterketakoek hogei kilometroko ibilbidea edukiko dute; martxa laburrekoek, ostera, bederatzikoa
Bai mendi martxa luzeko partaideek, bai mendi lasterketakoek hogei kilometroko ibilbidea egingo dute. Martxalariak izango dira irteten lehendabizikoak, 08:30ean; lasterkariak, ostera, 09:30ean hasiko dira korrika. Azkenik, bederatzi kilometroko mendi martxa laburra egingo dutenek 10:00etan ekingo diote bideari. Ibilbideak, aurreratu dutenez, denetariko paisaiak eta bidezidor motak barnebiltzen ditu, baina bada hiruek amankomunean daukaten ezaugarri orokor bat: Ereño inguruetako artadiak ezagutzera ematea. Hain zuzen ere, ibilbideen zati handi bat baso mota autoktono horretan barrena egingo dute.
Urdaibai Kopako lehen proban, Ibarrurin, Araitz Irazu hernaniarra eta Julen Aranguena kortezubitarra gailedu ziren, biak Arrolape Mendi Klubekoak
Lasterketa bi hogei egunetan. Urdaibai Kopako bigarren lasterketako parte hartzaileek gogor saiatu beharko dute Ereñoko mendietako maldak gainditzeko, batez ere, azken probaz geroztik hogei egun bakarrik igaro direla kontuan izanik. Araitz Irazu hernaniarra eta Julen Aranguena kortezubitarra izan ziren Ibarruriko lasterketako garaileak, biak ala biak Arrolape Mendi Klubekoak. Talde horretakoak izango dira, hain zuzen, Ereñon garaipen poltsikoratzeko hautagai nagusiak.
Gaur-gaurkoz, aurrean beharko luketen zenbait lasterkari izena emanda daude: gizonezkoen artean, Kepa Bastegieta eta Ibarrurin podiumera igondako Paul Goitisolo gernika-lumotarrak, Paul Ormaetxea muruetarra nahiz Aritz Martin arratzuarra; emakumezkoei dagokienez, Ibarrurin promesen sailkapenean gailenduriko Ziortza Barruetabeña gernika-lumotarra edo Ireder Angulo Ereñoko irteera lerroan dira.