Lau Grand Slamak Jai Alai World Tourraren parte izango dira
Gernika-Lumoko Grand Slama Jai Alai World Tourraren parte izango da. Uztailaren 15etik abuztuaren 12ra artean jokatuko dute. Final handiaren ostean, azaroan, Berriatuko Bakarkakoa lehiatuko dute.
Aurtengo Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuitua argitara irten da. Herenegun aurkeztu zuten antolatzaileek eta zesta-puntaren egungo jokalari azpimarragarrienetako batzuek, Bilboko Deportivo Klubeko pilotalekuan. Aurten, formatu handiko txapelketan aldeko apustua egin dute sustatzaileek, maiatza eta azaroa bitartean lehiatuko duten liga antolatzerakoan. Beraz, Markina-Xemeingo, Gernika-Lumoko, Hondarribiko eta Donostiako Grand Slamak aurten World Tourraren parte izango dira Txapelketako final handia, hain zuzen ere, aurkezpena egiteko baliatu zuten kantxa berberean izango da, alegia, Bilboko Deportivon. Finalaren ostean, azaroan, Berriatuko Mendibarrenek Bakarkakoa hartuko du.
Fernando Azkarate: “Jai Alai World Tourrari itxura eta formatu konkretua emateko beharrizana igarri genuen, hau da, marka bat sortzekoa”
Grand Slamak protagonista izango dira, baina ez, aldiz, Masterrak (hiru jardunaldiko masterrak) eta Openak (egun bakarrekoak); azken bi horiek ez dira ligan sartu, aurten. Munduko Pilota Batzarreko lehendakari Fernando Azkaratek argitu du erabaki horren arrazoia: “Egungo egoera ikusirik eta sustatzaileekin berba egin ondoren, Jai Alai World Tourrari itxura eta formatu konkretua sortzeko beharrizana igarri genuen, hau da, marka bat sortzekoa”. Nolanahi ere, atea zabaldu die presidenteak Grand Slamak antolatzera animatzekotan dauden “enpresei, udalei edota klubei”.
Grand Slam bakoitzak gutxienez bost jardunaldi izango ditu, eta “egungo puntistarik onenek” parte hartuko dute
Ligako txapelketa bakoitzean jokatuko duten pilotarien izen-abizenak bakoitzaren hasiera orduko egingo dituzte publiko. Dena dela, antolatzaileek aurreratu dute “egungo puntistarik onenek” parte hartuko dutela. Era berean, gutxienez bost jardunaldi edukiko ditu Grand Slam bakoitzak. Gipuzkoar hiriburukoa izango da estreinakoa, maiatzaren 13tik ekainaren 17ra artean; iaz Grand Slam legez estreinatutako Markina-Xemeingoa, ostera, ekainaren 10etik uztailaren 16an amaituko da; Hondarribikoa, berriz, abuztuaren 11tik irailaren 16ra artean jokatuko dute; Gernika-Lumokoa, uztailaren 15etik abuztuaren 12ra artean. Bizkaiko zita bietara joan gure dutenek, bestalde, bonoak erosi ahalko dituzte.
Iazko ekitaldiko lau serieburuak finaloaurrekoetan egongo dira Berriatuko Bakarkakoan
Berriatuko Bakarkakoari dagokionez, iazko ekitaldiko lau serieburuak finalerdietan egongo dira: Aritz Erkiaga ispastertarra, etxean jokatuko duen Aimar Aldazabal, Jean Dominique Olharan pauetarra eta Imanol Lopez zumaiarra. Horrez gain, Munduko Pilota Batzarrak Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzagaz akordioa sinatu du, afizionatu mailako puntistarik onenek profesionalekin jokatzeko aukera eduki dezaten. “Elite mailako txapelketako garaileek jokatuko dute”, azaldu du Azkaratek.
Donibane Lohizunen beste fronte bat. Jai Alai World Tourra ez da aurkeztu den lehiaketa bakarra. Izan ere, Donibane Lohizunen apirilaren 13tik aurrera jokatuko den All Star torneoaren nondik norakoak ere argitara eman zituzten atzo. Lapurdiko txapelketak ere goi-mailako partaidetza edukiko du. Besteren artean, Jon Bullet Zabala, Aritz Erkiaga, Xabi Barandika, Imanol Lopez, Jon Danborindegi, Unai Lekerika, Iñaki Osa Goikoetxea edo Thibault Basque ariko dira bertan. Finalerdiak apirilaren 25ean eta 28an jokatuko dituzte; final handia, aldiz, maiatzaren 4an.