Udal ikasgela zerbitzua eskaintzeko proposamena aurkeztu du Gernika-Lumoko EH Bilduk
Liburutegia eta ikasgela banatzea eta Ibarra kaleko 5.zenbakian udal ikasgela zerbitzua eskaintzeko proposamena egin du Gernika-Lumoko EH Bilduk.
Udal hauteskundeetara begira, liburutegia eta ikasgela banatzea eta Ibarra kaleko 5.zenbakian udal ikasgela zerbitzua eskaintzeko proposamena egin du Gernika-Lumoko EH Bilduk. “Udalerriko beharrizan handienetako bat da ikasteko leku eroso eta zabalak edukitzea, eta proiektu egingarria eta beharrizanei egokitutakoa dela uste dugu”, diote.
Bi solairu horietan espazio “erabilgarriak” daudela diote EH Bildukoek, eta ikasgela “zabalak” egokitu daitezkeela bertan, “ondo argiztatutakoak eta erosoak”. “Kontzentraziorako eta isiltasunerako tokia eskainiko duten gelak izango dira. Taldelana sustatzeko gelak, eta orohar, bilera gelak ere izango ditu. Gainera, komunak eta bizikletak uzteko tokia ere edukiko dute”, azaldu dute. Diotenez, ordutegi “oso zabala” izango luke zerbitzuak, eta asteko egun guztietan zabalik egongo litzateke: “Sarrera eta irteera autonomoa egiteko aukera egongo da; hau da, ikasle bakoitzak bere txartela eskuratu ahal izango du, sartu-irtenak egiteko. Bilera gelak erreserbatzeko eta eskariak egiteko aukera ere egongo da, udalak egingo lukeen aplikazioaren bidez”.
Uste dute ikasgela zerbitzu horrekin “konpondu” egingo litzatekeela ikasgelen “arazo nagusia”. Egungo liburutegia egokitzeko proiektu proposamena ere landu dute, Kultura30 plan estrategikoaren baitan.