Ibarrangeluko energia komunitatea sortzeko proiektua aurrera doa
Ibarrangeluko Udalak udalerrian komunitate energetikoa sortzeko beste bilera bat antolatu du, eta herritarrek interesa erakutsi dute. 30 ibarrangelutar inguruk izena eman dute, talde motorrean aritzeko. Herriko energia plana ere plazaratu du udalak.
Ibarrangeluko Udalak aurrera darrai udalerrian komunitate energetikoa sortzeko egitasmoagaz: ekimena aurrera eroateko bigarren bilera egin dute, eta ibarrangelutarrek babesa erakutsi diote komunitatea sortzeko proposamenari. Joan den azaroan egindako bileran plazaratu zuten energia komunitatea abiatzearen proiektua, eta aurrera egin du, herriarrek erakutsitako babesari esker. Udala kanpo aholkularitza jasotzen ari da Barrizar enpresaren partetik.
Gaur-gaurkoz, komunitateko talde motorra sortzeko prozesuan bete-betean sartuta daude ibarrangelutarrak; hain zuzen ere, 30 herritar inguruk izena eman dute, batzorde horren parte izateko. Alde horretatik, udal ordezkariek adierazi dute Ibarrangelu “herri parte hartzailea eta eredugarria dela berretsi dutela”.
Energia plana hurrengo hogei urteetan herrian eragingo duten neurriz osatuta dago, eta komunitatearen sorrerak ekarriko lituzkeen abantailak erakusten ditu
Udalak, gainera, datozen hogei urteetan herrian eragingo duten neurriz osaturiko energia plana argitara eman zuen; plan horrek, adierazi dutenez, agerian uzten ditu komunitate energetikoa sortzeak ekarriko lituzkeen abantailak. Besteak beste, modu komunitarioan aurreztea, tankera horretako proiektuek jaso ohi dituzten diru laguntzak eskuratzea edota herriko instalazio nahiz azpiegituren aprobetxamendu maila eraginkorragoa dira azalduriko abantaila horietako zenbait.
Egiteko dauden urratsak. Udaletik aurreratutakoaren arabera, eman beharreko hurrengo pausoak parte hartzeko borondatea erakutsi duten herritarren taldea “osatzea eta sendotzea” da, “harremanetarako eredua finkatzeaz gain”.
Era berean, herriko energia plan estrategikoan zehaztutakoari jarraituz, udalak konpromisoa hartu du komunitatearen funtzionamenduan modu aktiboan parte hartzeko, “bai komunitatean bertan eraginez, bai arlo finantzarioari dagokionez”.