Atalde eta Bizkai Buru kaleak batuko dituen igogailua jartzeko lanak hasi dituzte
Gaur hasi dira lanak egiten, eta bederatzi hilabetetan prest egotea aurreikusten dute; Bermeoko Udalak 728.300 euro inguru bideratuko ditu lanotara.
Joan den urteko ekainean aurkeztu zuten Atalde eta Bizkai Buru kaleak batuko dituen igogailuaren proiektua, eta gaur hasi dituzte lanak. Udalerriko “iriste erraztasuna hobetzea” dute asmo, modu horretara, bizilagunen “bizi kalitatea hobetuz”. Igogailuagaz, gainera, San Frantzisko herri ikastetxeko Haur Eskolarako eta Benito Barrueta institutuko jolastokirako sarbidea erraztu gura dute; azken horretan, duela hilabete gutxi, jolastokia eta kirol gunea egokitu eta hornitu zituzten.
Gaur hasi dira lanak egiten, eta bederatzi hilabetetan prest egotea aurreikusten dute. Jakitera eman dutenez, Bermeoko Udalak 728.300 euro inguru bideratuko ditu Estudios y Obras Rekalde SL enpresak egingo dituen lanetara.
Atalde eta Bizkai Buru kaleak batuko dituen igogailuak hamahiru pertsonentzako edukiera izango du. Lau geraleku izango ditu: lehenengoa, kale bien lotura puntuan, eskailerak hasten diren lekuan; bigarrena, Haur Eskola parean, eskolara arazo barik iristea baimenduz; hirugarrena, Benito Barrueta institutuko jolasleku parean egongo da; eta laugarrena, Bizkai Buru kalean izango da. Egun dauden eskailerak berreraikiko dituztela azaldu dute.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du, azken urteetan “asko aurreratu” dutela iriste erraztasunean, eta proiektu honekin beste urrats bat ematen dutela: “Proiektu honi esker, hirigintza eraldaketan aurrera egiten jarraitzen dugu, Bermeo irisgarria izan dadin pertsona guztientzat. Gure herriaren orografiak hainbat tokitan esku hartzeak egitea eskatzen du, gure bizilagunen eguneroko mugikortasuna gero eta hobea izan dadin”. Badaki, oraindik ere, “asko dagoela egiteko”, hala eta guztiz ere, udaletik “lanean” jarraitzen dute, “eta aurrera egiten dabiltza gai garrantzitsu honetan”.