Salome Campos itsas zeharkaldirako izen ematea, zabalik
Irailaren 2an egingo dute IX. Salome Campos igeriketa zeharkaldia. Hiru distantzia egongo dira: 500, 1.500 eta 5.000 metrokoak. Internetez izena emateko epea zabalik dago jadanik, zeharkaldiaren webgunean.
Igerilaririk onenak, beste urte batez, Bermeoko portuan elkartuko dira datorren udan. Irailaren 2an, IX. Salome Campos igeriketa zeharkaldia egingo dute. Urtero legez, emakumeak eta, bereziki, emakumezko kirolariak omentzea edukiko dut jomuga egitasmoak, bere jatorriari jarraiki. Hiru distantziako zeharkaldiak egongo dira: 500, 1.500 eta 5.000 metrokoak.
Gaztetxoenen txanda izango da lehendabizi: 11:00etan hasiko dira igerian, portu eremuaren barruan, 500 metroko parte hartzaileak. Distantzia hori umeei zuzenduta dago, belaunaldirik gazteenen artean igeriketa sustatzea baitu helburu; 11 eta 14 urte bitarteko haurrek parte hartu ahalko dute. 1.500 metrokoa, antolakuntzatik azaldu dutenaren arabera, igerilekuan aritzera “ohituta” dagoen igerilari profilari zuzenduta dago: “Joan-etorriko ibilbidearen gehiengoa portu eremuan babestuta dago, azken tartetxoa izan ezik; beraz, probarik herrikoiena dela esan daiteke”. Distantzia horretako igerilariak ateratzen azkenak izango dira: 11:45ean.
5.000 metroko probako parte hartzaileak hiru tandetan itsasoratuko dira, pilaketak ekiditeko
5.000 metrokoa da Salome Campos zeharkaldiko probarik entzutetsuena. Igeriketan “goi maila” dutenen distantzia izan ohi da, eta antolatzaileek tankera horretako itsas zeharkaldietan “eskarmentua edukitzea” eskatuko dute: “Segurtasuna bermatzeko eta arriskuak saihesteko, horrelakoetan aritzea zer den dakiten igerilariei gorde gura diegu zeharkaldi hori”. Parte hartzaileek Izaro irlara joan-etorria egingo dute, hiruki itxurako ibilbidea osatuz. Hiru tandetan aterako dira igerilariak, pilaketak ekiditeko: 11:25ean, 11:28an eta 11:31n.
Izen ematea, zabalik. Zeharkaldiko hiru probetarako apuntatzeko, Salome Camposen webgunera jo beharko dute. 500 metroko federatuek 10 euroko prezioa ordaindu beharko dute; 1.500ekoek, 20; eta, azkenik, 5.000 metroko probakoek, 30 euro. Federatu gabekoek, ostera, 3 euro gehiago ordaindu beharko dituzte, asegurua eduki dezaten. Uztailaren 1etik aurrera, berriz, tarifa denek 10 euroko igoera edukiko dute.
Gaur-gaurkoz, 30 pertsona inguruk izena eman dute. Antolatzaileek argitu dutenez, iazko helburuei eutsiko diete aurtengo ekitaldian ere: “Batetik, hiru distantzietan emakumezkoen parte hartzea bultzatzen segitu gura dugu; bestetik, pandemia orduko igerilari kopuruetara bueltatu gura gara, iaz, urte biko etenaldiaren ostean, hasi genuen bidearen ondoren”. 2022an, hain zuzen ere, 600 igerilari inguru bildu ziren Bermeon.