Mugartegi eta Lejardi, lehen Ezkurdi Women Winter Seriesko txapeldunak
Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak dira Ezkurdi Women Winter Seriesko lehen irabazleak, Maite Ortiz de Mendibil arabarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra garaitu ondoren. Gizonezkoen lauko finalean, Aritz Erkiaga ispastertarra Xabi Barandika gernika-lumotarrari gailendu zitzaion.
Ezin zitekeen emakumezkoen zesta-puntaren omenaldia modu hobean borobildu. Durangoko Ezkurdi pilotaleku berritua goi-mailako zesta-puntaren epizentro bihurtu zen, eta punta-puntako jokoa nabarmendu zen. Bikote markina-xemeindarra, kostata izan arren, nagusi izan zen: Erika Mugartegi eta Arai Lejardik irabazi zuten estreinako Ezkurdi Women Winter Series. Borroka latza eduki zuten Maite Ortiz de Mendibil arabarraren eta Maialen Aldazabal berriatuarraren kontra, frontoiko sarrera denak agortu zituzten ikusleen aurrean.
Bikoterik gazteenak eroan du, azkenean, txapelketa. Urdinez jantzirik, 0-2 eta 1-4 aurreratu dira. Lehen tarte hartan, Mugartegiren errebeskadak, jokaldiak atzeratzeko gaitasuna eta pilotak bilatzeko abilezia gailendu ziren. Bere atzelariak, Lejardik, egundoko segurtasuna eta fidagarritasuna eman zizkion. Hori bai, ez zituzten edozein moduko aurkariak aurrez aurre: Ortiz de Mendibilek, berriatuarraren asistentziagaz, sekulako maila duela frogatu zuen. Partidu fisikoa izan zen atzokoa, oso lehiatua, eta lehen setean 11-11 berdindurik joatera iritsi ziren. Mugartegik eta Lejardik, nolanahi ere, hiru tantoko aldeagaz irabaztea lortu zuten: 12-15.
4-4, 9-9, 11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14 berdintzerta iritsi ziren
Partiduaren nahasmena baliatu zuen Erkiagak, egoera horiek egokitzen baitzaizkio hoberen
Ezkurdiko txapelketak eman dio amaiera Winter Seriesko egutegiari. Berriatuko Mendiguren frontoian hasi zen, Pro Am txapelketagaz; Thomas Urrutia eta Aimar Aldazabal gailendu ziren. Gernika-Lumoko Winter Series Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek irabazi zuten. Durangoko geltokia, azkenengoa, Erika Mugartegirentzat, Arai Lejardirentzat eta Aritz Erkiagarentzat izan da.