Garaipena, gehien behar denean
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 10-43 irabazi dio CR La Vilari, Ohorezko Mailako 15- jardunaldian. Ligan bizirauteari begira, garaipen oso garrantzitsua lortu dute basurdeek.
Ohorezko Mailari eusteko urrats benetan esanguratsua eskuratu zuten zapatuan Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeko jokalariek. Villajoyosako (Alacant) El Pantano zelaigunera bai ala bai irabazteko beharrizanagaz heldu ziren, eta ez zuten hutsik egin: 10-43 nagusitu ziren CR La Vilaren kontra. Ligako taulako azken eta azken-aurreko sailkatuek zuzeneko borroka eduki zuten eta, azkenean, Gernika-Lumoko taldeak eroan zituen denboraldi amaieran urrezkoak izan daitezkeen bost puntuak.
Partiduko protagonista nagusia beroa izan zen. Gernika RTkoak “urduri samar” kantxaratu ziren, Eduardo Maidagan entrenatzaileak azaldu duenaren arabera. “Presioagaz zelairatu ginen, eta horrek galarazi egin zigun lehendabiziko minutuetan geuri interesatzen zitzaigun jokoa egitea”, argitu du. Zigor ostiko baten ondorioz, etxekoek 3-0 aurrea hartu zuten, baina basurdeek kontraeraso lan bikaina egin zuten jarraian. Bertie De Bod hegoafrikarra nagusi agertu zen zelaian, eta gako izan zen bai erasoaldietan, bai defentsa beharretan. Ederto aritu ziren, era berean, Juan Pablo Demargasso edota Lucas Avila. Minutuen joanagaz, talde bisitariak gora eta gora baino ez zuen egin, eta horrek aldageletarako bidea 3-24koagaz hartzea ekarri zien.
Gernika RT sailkapeneko azken-aurreneko postuan dago, 12 puntugaz, eta CP Les Abelles bostera du
Atsedenaldiaren ondoren, gernika-lumotarrek “pazientziaz eta mailari eutsiz” jokatu zuten, eta aldeari nagusitasunez eutsi zioten. Andoni Martinek eta Xabier Albizuak entseguak egin zituzten, Gernika RTri “zelanbaiteko lasaitasuna” emanez. Azken txanpan, La Vila partiduaren lehian sartzen saiatu zen arren, basurdeek ez zuten inongo aukerarik edukitzerik utzi, eta azkenik 10-43ko markagailuagaz irabazi zuten. Joko oso txukuna erakutsita, guztiz beharrezkoa zitzaien garaipena lortu zuten, beraz. Lorpen horregaz, Gernika RTk azken-aurren izaten dirau, 12 puntugaz, baina CP Les Abelles bostera baino ez du.
Urteko sasoirik garrantzitsuena. Datorren asteburuan ez dute partidurik jokatuko gernika-lumotarrek, eta astea “berreskuratzeko eta lan egiteko” baliatuko dutela adierazi du Maidaganek. Dena dela, hurrengo astetik aurrera, lau partidu jokatuko dituzte jarraian Urbietan. “Hil ala bizikoak” izango direla aurreratu du entrenatzaileak: “Lau partidu horietan ez dugu irabaztea ez den beste ezer bilatuko. Zapatuan, asko argitu zitzaigun biziraupenerako bidea, baina bide luzea dago oraindik egiteko”.
Urbieta bisitatzen lehenengo taldea Barça Rugbi izango da. Aldaketarik ezean, martxoaren 26an jokatuko lukete kataluniarrek Gernika-Lumon. Apirilaren 2an Pasek Belenos RC taldearen kontra jokatuko dute; 16an, ostera, Pozuelo Rugby Unionen aurka; etxeko azken partidua 23an izango da, CP Les Abellesen aurka. Azkenengo jardunaldia euskal derbia izango da, kanpoan, Ampo Ordizia REren aurka; apileko azkenengo asteburuan.