Asteburu borobila TAE Gernika Klubekoentzat
Gernika-Lumoko taekwondo taldeko partaideek hogei domina eskuratu dituzte hainbat kategoriatan, Bartzelonako Openean.
TAE Gernika Klubak taekwondo taldeko kideek Bartzelonako Opena lehiatu zuten joan den zapatuan, Hwarang Do klubak antolatuta eta Espainiako Taekwondo Federazioak babesturik. Maila handian agertu ziren, 400 parte hartzailetik gora eduki zituen lehiaketan. Hamalau taldekidek hainbat kategoriatan lehiatu zuten: gizonezkoen nahiz emakumezkoen ume, gazte eta senior mailetan; formetan zein talde formetan; eta, azkenik, borrokaldietan.
Mundu osoko borrokalaririk puntakoenak egon dira Bartzelonan. Besteren artean, Israel, Suitza, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia edota Kataluniako atletarik onenak aritu dira. Guztira, hogei domina lortu dituzte TAE Gernika Klubekoek: zazpi urrezkoak, beste zazpi zilarrezkoak eta brontzezko sei.
Bartzelonako Openaren “irakurketa bikaina” egin dute taldetik, eta pozarren agertu dira lortutakoaz. Azaldu dutenaren arabera, lehiaketa horretarako “prestakuntza berezia” egin dute, bertan topatuko zuten maila “oso handia izango zen jakitun”. Bestalde, taldekoek argitu dute taekwondoa aspaldian “gorantz” egiten ari den kirola dela eta Bartzelonakoaren neurriko probek maila horren igoera “ondo baino hobeto” erakusten dutela.
TAE Gernika Klubak iazko azaroan Malagako Opena lehiatu zuen, eta bertan ere emaitza paregabeak poltsikoratu zituzten. Hasiera haren ostean, Bartzelonakoa beraien hurrengo geltokia izan da.