Arrizabalaga, MLK txapelketako finalera
Olatz Arrizabalagak eta Andrea Capellan ordezkatu duen Uxue Osesek 22-16 irabazi diete Leire Garairi eta Enara Gaminderi. Beraz, binakako Master Laboral Kutxa txapelketako finalean egongo dira, Amaia Aldai eta Nora Mendizabalen kontra.
Bizkaia Torneoko finalista berberak edukiko ditu binakako Master Laboral Kutxa txapelketak. Izan ere, Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak eta Andrea Capellan errioxarra ordezkatu zuen Uxue Oses oñatiarrak garaipen sendoa eskuratu zuten Leire Garai arabarraren eta Enara Gaminde laukiztarraren kontra. Laudioko Areta pilotalekuak hartu zuen atzo finalerdiko partidua, eta pilotariek ez zuten kale egin. Lehia gogorra egon zen finalera nortzuk sailkatu erabakitzeko, eta Arrizabalaga-Oses bikotea 22-16 gailendu zen.
Arrizabalagak Capellan atzelari duela jokatu du txapelketa baina, kirolez kanpoko arrazoiak medio, errioxarra ezin izan zen Laudioko zitan egon. Oses gipuzkoarrak ordezkatu zuen, hura ere gernika-lumotarrak bikain ezagutzen duen jokalaria. Aldaketa horrek partidu hasiera asko baldintzatu zien, Arrizabalagak azaldu duenaren arabera: “Capellan atzelari oso dominatzailea eta jotzailea da, min handia egin dezakeena; Oses, ostera, eutsi eta eutsi egiten duen pilotaria da. Beraz, partiduaren estrategia errotik aldatu behar izan genuen”. Zentzu horretan, Arrizabalaga giltzarri izan zen aurretiaz planteaturikoa praktikara eroatean: hamar tantotik gora egin zituen.
Beste finalerdian, Aldai eta Mendizabal nagusi agertu ziren Larrarte eta Arrillagaren kontra, partidua 22-18 irabaziz
Osesek Garai eta Gaminderen erasoaldiei erantzun behar izan zien partiduaren lehen zatian, tarte “oso gogorra” pasatu zuten pilotari biek. Dena dela, minutuen eta tantoen joanagaz, partidua dominatzen hasi ziren Arrizabalaga eta Oses, batez ere, lehenengoak aurrealdeko koadroetan erakutsitako nagusitasunari esker. Garaipena lortu ondoren, Arrizabalagak seguru asko berriro jokatuko du Osesegaz; izan ere, araudiak zehazten du finalaurrekoan bikotekide duen pilotariagaz dagokiola finala lehiatzea. Kontu hori, baina, “airean dago oraindik”, azaldu duenez.
Beste finalerdiari dagokionez, Amaia Aldai dimoztarra eta Nora Mendizabal andoaindarra nagusi agertu ziren Miren Larrarte eta Miriam Arrillagaren kontrakoan, partidua 22-18 irabaziz. Horrenbestez, Aldai eta Mendizabal, lehiaketa hasieran hautagai nagusietako batzuk zirenak, final handian egongo dira. Arrizabalagak aurkari horien kontra jokatzea “espero zuen zerbait” dela adierazi du: “Egun, pilotaririk lehiakorrenetakoak dira, eta hasiera-hasieratik hautagai ziren, gugaz batera. Beraz, final estua, gogorra eta fisikoa izatea espero dugu”.
Olatz Arrizabalaga: “Zarauzkoa kantxa egokia da nire pilotari ezaugarrietarako, baina esango nuke Aldairi ere bikain moldatzen zaiola”
Binakako MLK txapelketa martxoaren 26an amaituko dute. Zarauzko pilotalekuan erabakiko da lehiaketa zein bikotek poltsikoratuko duen. Arrizabalagak argitu duenez, bere pilotari ezaugarrietarako “kantxa egokia” da: “Frontoi bizkorra eta polita da, eta ikusleentzat ere oso ederra; dena dela, esango nuke Aldairi ere bikain moldatzen zaiola eta, zentzu horretan, bi bikoteetako batek ere ez duela kantxaren abantaila edukiko”.