Markaida eta Toribioren lanek jaso dute Erroxaperen sari nagusia
Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak narrazio laburren lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zuen atzo iluntzean. Lehiaketaren 24. edizioa izan da, eta euskarazko zein gaztelerazko lanik onenak saritu dituzte.
Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak martxoaren 8rako prestatutako egitarau zabalaren barruan, kontakizun laburren lehiaketaren sari banaketa egin zuen atzo iluntzean. Lehiaketaren 24. aldia izan da aurtengoa, eta euskarazko zein gaztelerazko lanik onenak saritu dituzte, ohi modura.
Hori horrela, euskarazko lanen artean, Imanol Markaidaren Otso larruzko ardia kontakizuna izan da sari nagusia eraman duena; 2019ko lehiaketan ere Markaidak irabazi zuen. Bigarren postuan, Miren Alazne Fernandezek idatzitako Azken borondatea lana geratu da, eta hirugarren saria Iñigo Legorbururen Casablanca lanarentzako izan da.
Gaztelerazkoen artean, bestetik, Olga Toribiok idatzitako Akelarre kontakizunari eman diote sari nagusia epaimahaikideek. Nerea Etxebesteren Cambios lanak eroan du bigarren saria, eta hirugarrena Juan Luis Rinconen El autobus de las mujeres lanarentzat izan da; Rinconek sariari uko egin dio, beste lehiaketa batean ere saritua izan delako.
Sari banaketan, Erroxapeko presidente Bernar Santosez gain, Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Alazne Zumeta eta Idoia Platas zinegotziak ere egon dira, eta euskarazko lehen bi sarituek eta gaztelerazko irabazleak jaso dituzte sariak.
2019an egin zuten azken lehiaketa, eta pandemia igarota, aurten berriro antolatzea erabaki dute. Emakumeari buruzko lanak sortu behar izan dituzte aurten, eta, guztira, hamalau lan aurkeztu dituzte, kategoria bakoitzeko zazpi.