Aisialdirako gune berri baten proiektua aurkeztu du Gernika-Lumoko EAJk
'8 aste, 8 proiektu' izeneko dinamikaren baitan, Santa Luzian auzoan kokatu gura duten Aisialdirako gunea aurkeztu zuen atzo Gernika-Lumoko EAJk.
Gernika-Lumoko EAJk udal hausteskundeetarako programa aurkeztu zuen atzo jendaurrean, 8 aste, 8 proiektu izeneko dinamikaren baitan. Astero proiektu bana aurkeztuko dute jeltzaleek, “urbanistikoki eta teknikoki bideragarriak” direnak, eta “herritarren bizitzan eragin zuzena” izango dutenak.
Hala, Santa Luzia auzoan kokatu gura duten Aisialdirako gunea aurkeztu zuten atzo, “herritar guztiei” zerbitzua “urte guztian zehar” emango diena, eta udan bainatzeko aukera eskainiko duena: “Batez ere ume, guraso, familia eta merkatariei zuzendutako gunea izango da, udan gozatzeko aukera eskainiko duena”. Zehaztu dutenez, eguzkia hartzeko gunea ere izango du, eta udal jabetzako lurzoruan kokatuko da.