'Marta Plana'-ren parte izan ziren emakumeen "ahaztutako historia" berreskuratu eta aitortu dute
'Marta Plana'-ren parte izan ziren eta Australiara emigratu zuten emakumeak omendu dituzte gaur Gernika-Lumon eta Australian. Australia eta Espainiako gobernuen arteko migrazio akordioa izan zen 'Marta Plana', Eliza katolikoak sustatutakoa, eta operazio horren ondorioz Australiara joandako 700 emakume baino gehiagoren historia berreskuratu eta aitortu dute.
Norberta Dominguez Andres, Mercedes Dominguez Andres, Basi Garcia Briceño, Edelmira Rada Mentxaka, Milagros Revuelta Peral, Nieves Zubikarai Gandarias, Amparo Garciandia Gainza eta Simo Isuskiza Ruiz omendu dituzte gaur Gernika-Lumon, ‘Marta Plana’-ren parte izan ziren eta Australiara emigratu zuten emakumeak. Horiez gain, operazio horren baitan Australiara joan ziren 28 emakume ere gogoratu dituzte, eta ez dituzte ahaztu planaren parte izan ziren beste emakumeak ere.
Izan ere, Australia eta Espainiako gobernuen arteko migrazio akordioa izan zen ‘Marta Plana’, Eliza katolikoak sustatutakoa. Operazio horren ondorioz, 700 emakume baino gehiago eraman zituzten Australiara, 1960 etra 1963 urteen artean, etxeko langile modura aritzeko. Migrazio itunak “ezinbesteko” baldintza bat ezartzen zuen lekualdatutako emakumeentzat: gazteak, katolikoak eta ezkongabeak izatea eskatzen zitzaien, baita azterketa mediko bat gainditzea ere. Izan ere, planaren “ezkutuko helburua” emakume horiek urte batzuk lehenago Australiara emigratu zuten gizonekin ezkontzea zen.
Gaurko egunez (martxoak 10) duela 63 urte atera ziren lehenengo emakumeak El avion de las novias modura ezagutzen den lehen hegazkinean Australiarantz –hura izan zen 13 helgaldiko lehena–, eta egun berean egin gura izan diete aitortza horien alaba eta ilobek. “Emakume asko Australian geratu ziren, eta beste batzuk etxera itzuli zineten, baina denak zarete berreskuratu eta balioa eman gura diogun ahaztutako historia baten protagonistak”, adierazi dute antolatzaileek.
Las Martas ezizenez bataiatutako emakume bakoitzaren atzean istorio bat dago. “Ilusioz betetako” maletarekin atera ziren, familiatik urrunduz, eta etorkizunak zer ekarriko zien jakin barik. “Emakume ausartak izan zineten”, adierazi diete gaurko ekitaldian. Gernikaz gain, Australiako Sidney eta Melbourne hirietan ere omendu dituzte ‘Marta Plana’-ren parte izan ziren eta Australia geratzea erabaki zuten emakumeak.
Bizipenak.
Norberta eta Mercedes Dominguez Andres ahizpak Australiara joan ziren lan egitera, Norberta lehenengo, eta zazpi hilabetera Mercedes; lan egiteko aukerak zeudela ahizpak baieztatu ondoren. Oroitzapen “politak” dituzte Australiari buruz eta begi onez gogoratzen dute han igarotako denbora. “Lanera joan ginen, han herrian baino aukera gehiago genituelako. Etxeko lanak egiten aritzen nintzen han, eta oroitzapen onak ditut, nahiz eta ingelesez berbetan ez jakin”, adierazi du Mercedesek. Hiru urte eta erdi eta lau urtez egon ziren atzerrian, eta batera bueltatu ziren ostean. Australiako aeroportuan bi ahizpek elkar ikusi zuten momentua “oso hunkigarria” izan zela gogoratu dute gaur.
Revuelta Australian zegoen lagun baten ahizparen gomendioz joan zen hara, lan egitera. Darwinera ailegatu zen, baina Sidneyra joan zen, eta handik Queensland aldera. Australiarrek “ondo tratatu” zuela adierazi du, gertuko lagun asko egin zituela, eta herrialdea “polita zela”. “Asko gustatu zitzaion”, suge erraldoiak salbu. Bertan, ospitale katoliko batean lan egin zuen, baita greziarrak ziren ume batzuei gaztelera irakasten ere.
Amaia Urberuaga Euskal Australiar Alkarteko presidenteak adierazi du “egun pozgarria” dela elkartearentzat, eta Australiara joan ziren horien “memoria historikoa” berreskuratzeko ahaleginean dabiltzala adierazi du. “Gure elkartea 2018tik ari da kontaktuan jartzen Australiara joatea erabaki zuten horiekin, eta euren memoria historikoa gordetzeko elkarrizketak egiten ari gara, euskal liburutegian jasota gera dadin. Oraindik elkarrizketa asko ditugu egiteko, eta gustatuko litzaiguke Martak ere gure lanean eta historian presente egotea”, adierazi du.
Boomerang Australiar Elkarteko presidente Estefi Crespok esan du ‘Marta Plan’-eko emakume gehienek ez zekitela Australia non zegoen ere: “Emakume ausartak izan ziren. Etxeko langile modura aritzeko hegazkin txartela eta bi urteko kontratua eskaini zieten, baina ez zekiten akordioaren helburua zela aurreko espedizio handietan emigratu zuten herrikideekin ezkontzea”. Gaur, urte askoren ondoren, emakume haiek omentzeko eguna dela adierazi du, emakume horiei “izen eta abizenak” jartzeko eguna.
Historiaren “parte garrantzitsua”.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak adierazi du “emakume guzti horiek historiaren eta memoriaren parte” direla: “Esan gura dizuet erreferenteak zaretela. Urrun joan zineten, leku ezezagunera, familia Euskal Herrian utziz, eta zuen lurraldearekiko horren urrun bizitzea ez zen erraza izango. Zuekin batera bidaiatu zuen gure memoriak, eta euskal emakumearen irudi indartsua zabaldu zenuten Australian, gure ondarea eta kultura zainduz. Gure lehen enbaxadoreak izan zineten, eta oso harro guade”.
Eusko Jaurlaritzaren kanpoko euskal komunitatearen zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk ere omenaldian parte hartu du, eta joan den urtarrilean izan zuela ‘Marta Plana’-ren berri aitortu du. Hala ere, “garrantzitsua” dela horrelako aitortzak egitea nabarmendu du gaur, emakume horien istorioak eta bizipenak “Euskal Herriaren historiaren ekarpen garrantzitsua” direlako: “Pozik nago hemen egoteaz, bi arrazoiengatik: alde batetik, zuen bizipen eta historioak kontatuz, gure herriaren historiari ekarpen garrantzitsu bat egin diezuelako, eta, bestetik, zuen bizipen hau ausardia eta borrokaren islada delako. Balio du belaunaldi berriei azaltzeko herri migrante bat izan ginela, garela eta izango garela”.
Hala, emakume horien balentria aitortzeko eguna dela gaurkoa adierazi du, “emakume gisa zapaltzen zituen gizarte batetik askatasunez bizitzen uzten zieten errealitate batera alde egin zuten” horiena.
Gogoratu du, gaur egun ere, Bizkaiko familia askok 40ko hamarkadaren amaieratik 70ko hamarkadaren hasierara bitartean egon ziren migrazio prozesu horiekin “estu” lotuta jarraitzen dutela. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza Euskal Australiar Alkarteagaz elkarlanean ari dela adierazi du, Australiara joandako euskal migratzaileen memoria berreskuratzen. Egin dituzten elkarrizketak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako artxibo historikoaren barruan eratzen ari diren euskal diasporaren artxiboan gordeko dituzte, “kontsulta publikoa” egin ahal izateko, “euskal gizartearen parte direlako”.
Jose Julio Rodriguez Hernandez Espainiako herritarren atzerriko zuzendariorde nagusia ere Gernika-Lumon egon da, eta Martei aitortza egitea “beharrezkoa” dela adierazi du. “Espainiako migrazioaren historiaren parte da emakume hauen historia, Australiara joan ziren horien kemena erakusten duena. Oso garrantzitsua iruditzen zait Espainiako migrazio memoria hau berreskuratzea, eta bereziki urte askoan ahaztuta egon den emakume hauena”.
Omendutako gainerako emakumeak.
- Estrella Alvarez Garcia (Gernika-Lumo)
- Josefina Erezuma Basterretxea (Gernika-Lumo)
- Maria Fernandez Diez (Gernika-Lumo)
- Maria Josefa Prieto Fernandez-Aviles (Gernika-Lumo)
- Aurora Balenciaga (Sukarrieta)
- Laura Kalzada Ugalde (Busturia)
- Karmen Alegre Aragues (zaragoza)
- Agustina Cillero Los Arcos (Iruña)
- Carmen de La Rosa Palomo (Donostia)
- Olimpia Diaz Maneiros (Tudela)
- Carmen Fernandez Diez (Tudela)
- Carmen Garcia Briceño
- Julia Gonzalez Lopez (Barakaldo)
- Milagros Isuskiza Ruiz (Algorta-Getxo)
- Pilar Latorre Martin (Iruña)
- Begoña Linaza Pradera (Algorta-Getxo)
- Guadalupe Novo Alonso (Liendo)
- Felicitas Novo Alonso (Liendo)
- Carmen Santoveña Perez (Donostia)
- Maria Begoña Zubiaur Bikarregi (Sondika)