Doinu berriak erakusteko unea
Erritmo latino eta afrikarrez betetako hamargarren diskoa kaleratu du Gatibuk: 'EH Distopikala'. Doinu horiek uztartzen dituen lanaren aurkezpen kontzertua eskainiko dute martxoaren 18an, Miribillan.
Muxikako sumendiak sua jaurtitzeari utzi dio, eskumuturrekodun oporlekua da Urdaibain, Surfistak daude Oñatiko plazan, koalak Iratiko eukalipto basoetan, eta abenduko zubi beroan Feria de Abril ospatzen dute Durangon. Kalimak jan du Errioxa, palmerak daude Kontxan, eta elurte bat ikusi zuen azken euskal herritarra hil berri da. Horrela irudikatu du 2060ko Euskal Herria Gatibu taldeak bere hamargarren diskoari izena jartzen dion kantan: EH Distopikala. Diskoa azaroan aurkeztu zuten, baina lehenengo emanaldia eskainiko dute datorren astean, martxoaren 18an, Miribillan. “Kontzertu potentea” izango da.
Azken estudioko lana “erdi tropikala erdi distopikoa” da Haimar Arejita Gatibuko kidearen berbetan. Hain zuzen ere, bi mutur horiekin uztartu dituzte diskoa osatzen duten zazpi abestietan; hala, lan “alaia” dela diote, baina poz horregaz kontrastatzen duten hitz “azidoak” dituela onartu dute kideek. “Ez dugu zerbait konkretua irudikatu nahi izan, baina distopiko eta tropikalaren arteko hitz jokoa gustatu zitzaigun. Udan egindako diskoa da, sekulako beroa egiten zuenean sortutakoa, eta bero horrek gure sormenean eragin zuen”, adierazi du Arejitak.
«Miribilla betetzeko erronka jarri genion geure buruari; erabaki ausarta da»
Klima aldaketaren “abisua” jaso zuten orduan, eta horri buruzko hausnarketa egitea erabaki zuten Gatibukoek, era umoretsuan: “Ironiaz landu dugun gai serioa da EH Distopikala kantuak batzen duena. Hausnarketa bultzarazi gura genuen, klima aldaketaren aurrean daukagun jarrerari buruzkoa”.
Diskoak kantu horren izena daraman arren, beste gai batzuk ere jorratu dituzte taldekideek, euren erara: hau da, seriotasunez letretan, baina musika tropikalaz jantzita: “Kontraesan horien artean mugitzea asko gustatzen zaigu, gai serioak landuz eta horiek musika alaiagaz batuz”.
Bizitzaren garestitzeaz berba egiten du Bizikleta hartu eta banoie kantak, askatasunean oinarritutako maitasunari buruz hausnartzen dute Maite zaitut baina ez zaitut behar abestian, eta, edonork izan ditzakeen beldurrez edota sekretuez berba egiten dute Danok dekogu kantuan. Ezin disimulatu-k, aldiz, harremana galdu zuten bi pertsonen artean oraindik disimulatu ezinezko sua dagoela kontatzen du.
Rockaz «harago»
Horiek guztiak, rockaz «haragoko» estiloz landu dituzte. Hori lortzea zen Gatiburen hamargarren diskoko erronka, eta gitarra jotzaileak uste du lortu dutela helburua: “Nik zerbait desberdina egitearen aldeko apustu serioa egin gura nuen, zabaltzearen aldekoa. Bizikleta hartu eta banoie kantua izan zen udaberrian sortu genuen lehenengoa, eta desberdina atera zen, ohikotasunetik aldentzen zena. Hala, kantu hori izan genuen euskarritzat, eta horren bidetik jorratu genituen gainerako abestiak”.
Hori dela eta, disko “dantzagarria, alaia, tropikala, eta erritmo latino zein afrikarrez” betetako osatu dutela dio Arejitak, funki edota elektronikoagaz uztartuta dagoena. “Orain arteko lanik desberdinena da, ez dauka rock ukiturik”, adierazi du gitarra jotzaileak, eta “salto bat eman” dutela dio, “beste lanekiko”.
«Orain arteko diskorik bereziena da, ez dauka rock ukiturik»
Erritmo dantzagarriez gain, gitarra garbiagoak sortu dituzte, eta perkusio eta haizeei garrantzia “handiagoa” eman diete. Arejitak dio gitarra afrikarra “gustuko” duela, eta estilo hori ere uztartu gura izan duela azken diskoan: “Gitarretan ere, Afrikako doinuak nabaritzen dira. Musika guztia dator Afrikatik, gu han sortu ginen, eta doinu horien eragina nabaria da”.
Udaberrian hasi zen kantuak lantzen Gatibu, eta uda aurretik grabatu zituen diskoko lehen bi kantuak taldeak, Gironako Music Lan estudioan; Arejitak esandakoaren arabera, Fito y los Fitipaldis-ek, Shakirak, Maria Careyk, Beretek edota Jarabe de Palok grabatu dituzte eurek lanak estudio horretan. Gatibuk bertan grabatutako lehen bi kantuak single modura kaleratu zuten Ezin disimulatu eta Bizikleta hartu eta banoie izan ziren. Uztailean bigarrenez joan ziren Kataluniara, eta lanaren beste bost kantuak grabatu zituzten. Jordi Mora aritu zen soinu ingeniari lanetan –aurreko diskoa ere beragaz grabatu zuten–, eta Emili Bosh B1no talde elektronikoko kidea izan zen ekoizlea.
Musikari askok parte hartu dute EH Distopikala lanean, “kataluniarrak gehienak”, eta ekarpenekin “oso gustura” geratu dira. “Ekarpen desberdinak jasotzea gustatzen zaigu. Berez, ez gara kolaborazio asko egiten dituen taldea, baina disko bakoitzean dago norbaiten ukitu bereziren bat. Normalean ekoizleak musikariak izaten dira, eta Emilik ere, sintetizadore batzuk sartu ditu. Aurrekoan ere, Ricki Falknerrek hainbat instrumentu grabatu zituen”, dio Arejitak.
Erakusteko gogoa
Urte amaieran kaleratu zuten lana, baina ez dute sortutako hori jendaurrean erakusteko aukerarik izan, oraindik. Martxoaren 18ari begira daude taldekideak, Miribillan eskainiko duten kontzertua prestatzen. Izan ere, taldean sartu berri den Xabier Bengoa gitarra jotzaile gernika-lumotarraren estreinaldia izango da han, eta 22 urtetako ibilbidean sortutako hamar diskoetako errepertoria lantzen ari dira elkarregaz. “Trebea da Xabi, oso ondo moldatzen ari da. Abesti zaharrak errepasatzeaz gain, berriak ere ondo lantzen ari gara, perkusioa sartzen… Diskoari atera ahal zaion potentzia guztia ateratzeko ahaleginean gabiltza”, onartu du Arejitak.
Aurkezpen kontzertua izango da, baina “indartsua”. Miribilla betetzea “ez dela erronka erraza” uste dute, euskal talde batek ere ez duelako bertan jo: “Hito bat da Euskal Herrian. Badirudi Miribilla betetzea erraza dela, baina ez da. Erabaki ausarta da. Sekulako lekua da, gastu handiak suposatzen dituena, eta erronka hori jarri genion gure buruari”.
«Euskaraz sortzean sinistu behar dugu; euskaraz abestea bideragarria baita»
Ausartu egin dira, euskal gizarteari erakusteko euskal taldeek ere “gauza handiak” egin ditzaketela: “Ausartu egin behar gara gauza handiak egiten, konplexurik barik. Badakigu pauso hori ematea zaila dela, guretzako ere bai, baina egin gura izan dugu. Izan ere, beste taldeei ikusarazi gura diegu holako gauzak ere egin daitezkeela, eta horretara animatu gura ditugu. Bestalde, erakutsi gura dugu euskal taldeek balioa dutela, eta ordaindu egin behar dela eurek ikusteko, lagundu egin behar zaiela, gure kulturaren parte handi bat direlako. Babestu egin behar ditugu”.
Euskal kulturaren aldeko “apustua” egitearen alde ere agertu dira taldekideak, eta euskaraz abestearen garrantzia plazaratu dute. “Euskaraz abestea gauza bideragarria izan daitekeela erakutsi eta horrek jendea erakartzen duela ikusarazi gura dugu. Euskaraz sortzean sinistu behar dugu. Gure proposamenak erakargarri bihurtu behar ditugu”.