123.400 euro bideratuko dituzte Tonpoiko bigarren faseko lanetara
Proiektua gauzatzeko Europar Batasunaren LIFE - Urban Klima 2050 Programaren diru laguntza eskatu eta lortu du du Bermeoko Udalak. Besteak beste, txabolak eta itxiturak eraitsiko dituzte, eta lurrak garbitu eta sastrakak kendu. Bestalde, Tonpoian informazio panela ipini dute, eta besteren aretan, orain arte inguru horretan egindako lanen xehetasunak jaso dituzte bertan.
Tonpoiko lanen bigarren fasean, Bermeoko Udalaren jabetzaren lurretan jardungo dute. Eremua prestatu ostean, txabolak eta itxiturak eraitsi, lurrak garbitu eta sastrakak kenduko dituzte, eta, gero, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatuko dituzte. Besteak beste, arteak, artelatzak, haritzak eta ereinotzak landatzeko asmoa daukate, eta “mikrohabitat berriak sortuko dira biodibertsitatea bultzatzeko”.
“Lehenengo fasearen ondoren, martxan jarriko gara berriro, eta laster bigarren faseari ekingo diogu, ingurumena erabat errespetatzen duen herriko gune eder bat berreskuratzeko. Herriari dagokion espazioa itzuli nahi diogu, itsasertzean dagoen erabilera publikoko berdegune hori berreskuratuz”, adierazi du Aritz Abaroa alkateak.
123.400 euroko inbertsioa egingo dute; jakinarazi dute proiektua gauzatzeko Europar Batasunaren LIFE – Urban Klima 2050 Programaren diru laguntza eskatu eta lortu duela udalak.Lanok egiteko iraunkortasuneko eta ekonomia zirkularreko irizpideak erabili dituztela azaldu du.
Informazioa. Tala eta Aritzatxuko hondartza arteko pasealekua lotu dituen 300 metro inguruko esku-hartzearen ostean, Bermeoko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, berreskuratu berri den eremu horren “ingurumen-erakargarritasun guztiak jasotzen dituen” informazio panela jarri du aste honetan.
Besteak beste, gure kostaldeko altxor geologiko, paleontologiko, paisajistiko eta naturalei buruzko informazioa erakusten du panelak (itsaslabarrak, fosilak, fauna, flora), baita orain arte inguru horretan egindako lanen xehetasunak ere. Era berean, Tonpoiak bermeotarrei eta bisitariei eskaintzen dizkien “erakargarritasun guztiak” erakusten dituela azpimarratu dute: “Izan ere, paseatzeko eta biodibertsitateaz gozatzeko paisaia-erakargarritasun handiko gunea da; CO2 xurgatzen eta kanporatzen duen naturagunea, beroari aurre egiteko zuhaizti itzaltsuak dituena”.