Asteburu garrantzitsua, biziraupenari begira
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak RC La Vila valentziarren aurka jokatuko du zapatuan, 17:00etan, etxetik kanpo. Ligako biziraupenari begira, mugarri izango da partidu hori. Ondoren, hil ala biziko beste lau partidu jokatuko dituzte jarraian, Urbietan.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailari eusteko lehiagaz jarraitzen du. Aste biko etenaldiaren ondoren, ligako bigarren itzuliko azken partiduak lehiatuko dituzte, datorren asteburutik hasita. Apirilaren amaierara bitartean, sei norgehiagoka jokatuko dituzte basurdeek, horietako batzuk mailari eusteko lehian zuzeneko aurkari izango diren zenbait talderen kontra. Datorren zapatuan [martxoak 11] edukiko dute estreinako hitzordua, 17:00etan hasita eta kanpoan, CR La Vila talde valentziarraren aurka.
Azken asteak denboraldiaren bigarren zatia ahalik eta hoberen prestatzera bideratu dituzte
Gernika-Lumoko taldeak ia jokalari denak eskuragarri edukiko ditu etziko partidurako, min harturik dauden bizpahiru jokalari izan ezik. Azken asteak denboraldiaren bigarren zatia ahalik eta hoberen prestatzera bideratu dituzte, entrenatuz eta atseden hartuz. Hoti dela eta, taldeko entrenatzaileak, Eduardo Maidagan gernika-lumotarrak, lantaldea “lehiarako prest eta motibatuta” dagoela adierazi du. Basurdeek ogibide gaitza edukiko dute zapatuan: La Vila etxean oso boteretsu agertu ohi den taldea da. Maidaganek azaldu du, zelai barruan ez ezik, “harmailetan eta kantxa inguruan ere” presio handia egiten dutela: “Musikagaz, zaleekin eta, oro har, sortzen duten giro guztiagaz, talde bisitaria urduri jartzea eta bere erosotasun eremutik ateratzea bilatzen dute; beraz, mentalki partiduan oso sartuta egotea dagokigu, ezin izango gara despistatu, edo jokoak ihes egingo digu”.
Eduardo Maidagan: “La Vilari irabaziko bagenio, Urbietako partiduak berme gehiagogaz hartu ahalko genituzke”
Entrenatzailearen arabera, La Vilaren aurkakoa irabaztea permanentziari begira “egundoko urratsa” litzatekee. “Zapatuko partidua irabazten baldin badugu, ligari eusteko bidean aurrerapauso handia egingo dugu, eta mentalki egundoko onura egingo digu, datozen partiduei begira; galtzen baldin badugu, ostera, ia-ia aukera barik gera gaitezke”. Hain zuzen ere, asteburukoaren ondoren, lau partidu jokatuko dituzte jarraian Urbietan. “Lau final izango dira”, dio Maidaganek: “La Vilari irabaziko bagenio, Urbietako partiduak berme gehiagogaz hartu ahalko genituzke. Zentzu horretan, hil ala biziko asteburua izango da”.
Hurrengo asteburuan ez dute partidurik izango, baina ostean hasiko da etxeko partiduen segida. Martxoaren 26an, Barça Rugbi hartuko dute; apirilaren 2an Pasek Belenos RC; 16an, ostera, Pozuelo Rugby Union; etxeko azken partidua 23an izango da, CP Les Abellesen aurka. Azkenengo jardunaldia euskal derbia izango da, kanpoan, Ampo Ordizia REren aurka; apilaren 29an edo 30ean izango da (data finkoa ez dute zehaztu oraindik).