Feministek udalari eskatu diote Kaltzada egoitzako langileen "prekarizazioa eteteko"
Ekintzak tokian toki egiten hasi behar direla aintzat hartuta, Kaltzadako langileen "prekarizazioa eteteaz" gain, etxez etxeko langileen kontratazioa kudeatzeko ere eskatu diote. Eskubideak denontzat izan ezean, "batzuen pribilegioak baino ez direla izango" adierazi dute.
Gernika-Lumoko mugimendu feministak “eskubide guztiak unibertsalak” izateko aldarria kaleratu du gaur. Izan ere, eskubideak denontzat izan ezean, “batzuen pribilegioak baino ez direla izango” adierazi dute.
Hala, zaintza lanek “emakume aurpegia” dutela ikusarazi gura izan dute Gernikako Sare Feministako kideek: “Maitasunaren izenean, musutruk eta naturalki, horiek egiteko jaioak garela sintestara nahi izan digute”. Ondorioz, zaintza lanak “merkantilizatzen” diren kasuetan ere, “askoz gutxiago ordainduak eta sozialki apenas errekonozituak” izaten direla salatu dute: “Baina ondo dakigu zaintza lan horiek herrien eta komunitateen bizirauterako ezinbestekoak direka. Ezinbestekoak”.
Horiek horrela, emakume migratzaileek –paperak dituztenek zein ez dituztenek– adinekoak zaintzen, etxeak garbitzen edo alabak zaintzen egiten duten lan eskerga “oihukatu, salatu eta aitortu” nahi izan dute, “askotan esklabotza egoeran” daudela salatzeaz aparte.
Gernika-Lumoko Kaltzada egoitzako emakumezko langileen egoera ere ikusarazi gura izan dute gaurko mobilizazioan, euren “lan baldintzen prekarizazio izugarria” salatuz: “Kaltzada egoitzako emakumezko langileek lan baldintzen prekarizazio izugarria jasaten dute, eta egoera horren ondorioak sufritzen dituzte egoiliarrek”.
Udalerriko etxez etxeko langileei ere, “euren bizitzak garrantzia” dutela adierazi diete mobilizazioan, izan ere, udalak “zuzenean kontratatu beharrean” azpikontrata baten eskuetan uzten duela euren egoera salatu dute: “Zortzi urte daramatzate hitzarmenik barik”. Eta, oro har, zaintza lanak politikarien eta gizartearen aginduz egiten dituzten emakumeez ere akordatu dira: “Nahikoa da! Zuen bizitzek, denon bizitzek, garrantzia dute”.
Egoera hau “sostengaitza” da, eta, ondorioz, pertsonak eta lurraldeak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publikoa aldarrikatu dute: “Hau ez da bakarrik emakumeon afera bat, herritarrak duintasunez biiztzeko eskubideez ari gara”.
Ekintzak tokian toki egiten hasi behar direla diote, eta, horregatik, udalari eskatu diote etxez etxeko langileen kontratazioa kudeatzeko, “euren lan baldintzak dignifikatuz eta ez azpikontrata baten interesak elikatuz”. Halaber, Kaltzada egoitzako langileek pairatzen duten “prekarizazioa eteta” eskatu diote udalari: “Gernikako alkateak, Pratronatoko presidentea izanik, badu zer esana horretan”.
Gainera, Gernikako ospitalean oheak eta urgentzietako zerbitzua bermetzea eta Galdakaokoan erditze unitatea zein oinarrizko pediatria zerbitzua jartzea eskatu dute. “Zenbat, zelan eta nor zaindu nahi dugun; zenbat, zelan eta nork zaindu behar gaituen erabakitzea, Gernikatik hasita”.
Horregatik, udalari, Busturialdeko Mankomunitateari, aldundiei zein Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete “bakoitzak bere eremuan eta eskumenen arabera, alderdi, sindikatu eta herri mugimenduarekin elkarlanean zaintzaren euskal sistema abiatzea”.
Arreta, Kaltzada egoitzan.
Iluntzeko mobilizazioa egin aurretik, datu batzuk kaleratu gura izan dituzte feministek, eta Kaltzada egoitzaren aurrean batu dira, urtarriletik zuzendaritzak ezarritako murrizketek langile zein egoiliarren “bizi eta lan baldintzetan eragin nabarmena” izan dutela salatzeko.
Izan ere, lehen, 40 egoiliarri 5 langileren artean ematen zieten afaria, eta, orain, 2 langileren artean. Jakinarazi dute, gainera, 2 langileren artean 13 egoiliar dutxatzen zituztela, eta, orain, berriz, 21. “Lehen, langileak beti zeuden egoiliar berdinekin eta ezagutzen genituen, bagenekien zer gertatzen zitzaien, eta orain, egunero aldatzen gaituzte, hurbiltasuna eta gizatasuna galduz” adierazi dute. Egoiliarren jaikitzeko ordua ere aldatu dute: lehen 08:15ean izartzen zituzten, eta zuzenean gosaltzen zuten, baina, orain, 07:15ean jaikitzen dituzte gaueko txanda aprobetxatzeko, eta areto batean egoten dira 09:00etan gosaltzen hasten diren arte.
“Lan karga bikoiztu da eta horrek langileen erritmoak bizkortzea eraman ditu derrigorrean. Adinekoen egoitzan bizi diren nagusien arreta eta zaintzarako duten denbora zeharo murriztu eta kalitatean eragin zuzena izan du”, adierazi dute feministek. Hala, hori ez dela “nahi eta merezi duten zaintza” salatu dute: “Hau ez da ez langileak, ez nagusiak zaintzea. Pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu bat behar dugu, eta, horretarako, kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditugu: denonak eta denontzat”.
Hala, sare feministatik euren elkartasuna helarazi diete egoiliar, langile zein familiei eta erakundeei, eta “behar diren sakoneko neurriak” hartu ditzaten eskatu diete arduradunei: “Nahi eta behar dugun ereduaren inguruko eztabaida publikoa sustatu eta behar besteko inbertsioak bideratu ditzaten. Denon dirua, denon zaintzara bidera ditzatela”.