Pablo Gonzalezen defentsarako diru bilketa hasi du Nabarnizko herritar talde batek
Nabarnizko herritar talde batek #FreePabloGonzalez elkarteari ekarpenak egin gura dizkio. Hala, Gonzalezen defentsarako diru bilketa abiatu dute, eta hainbat ekintza prestatu dituzte domekarako.
Urtebete darama Pablo Gonzalezek Polonian preso, isolamendu egoeran kartzelaratuta. Errusiaren aldeko espioitza egitea egozten zaio, baina bere aurkako karguak, gaur gaurkoz, ez dira ezagutzen. Iazko abenduan, Gonzalezen auzia gizarteratzeko asmoz eta korapilo juridiko horrek beregain dituen gastuei aurre egiteko sostengu ekonomikoa lortzeko asmoz, #FreePabloGonzalez elkartea sortu zuten kazetariaren senide eta lagunek, eta, orain, Nabarnizko herritar talde batek elkarteari ekarpenak egin gura dizkio. Hala, Gonzalezen defentsarako diru bilketa abiatu dute, eta hainbat ekintza prestatu dituzte domekarako.
Herritar taldearen ekimenez, ibilaldia egingo dute lehenengo, eta elkarretaratzean batuko dira gero, Gonzalezen askatasuna eskatzeko, eta Onintza Enbeitak eta Xabat Galletebeitiak botako dituzte bertsoak. Egun guztian zehar, txapak, poltsak, pintxoak zein edariak egongo dira salgai, eta herritarrei zein inguruko bizilagunei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek. Jakinarazi dute, Nabarnizera joan ezin direnek baina euren ekarpena egin gura dutenek badaukatela hori egiteko aukera, izan ere, txapak salgai jarri dituzte hainbat herritako tabernetan, tartean Gernikako Arranon. Gainera, Bermeoko Institutuan ere txapak daudela dio.
Oihana Goiriena Gonzalezen senidea “oso eskertuta” dago ekimena abiatu duten herritarrekin, eta adierazi du domekako ekimenean batzen den dirua elkarteak kazetariari laguntzeko sortutako kontu korronteetan sartuko dutela. Izan ere, azaldu du “asko” direla kazetariak kartzelan dituen eta “ikusezinak” diren gastuak. “Herritar taldeak zeozer egin gura zuten Pablori laguntzeko eta gastuak ordaintzeko dirua batzeko, eta eurek antolatu dute domekako ekimena. Helburua elkartearen bera da: Pabloren defentsarako dirua lortzea, izan ere, gauza asko ordaindu behar dira, kanpotik ikusita ikusezinak direnak. Ez dira bakarrik abokatuaren fakturak ordaindu behar, kartzelan bizitzeko ere dirua behar du”, adierazi du Goirienak.
Janaria ematen diotela dio, “baina jatekoa eskasa denez, aparte erosi behar izaten du gehiago”. Bitaminak ere erosi behar dituela jakinarazi du, baita liburuak edota gutunak idazteko orriak, boligrafoak eta zigiluak ere. “Telefono txartelak ere behar ditu, abokatuari deitu ahal izateko, izan ere, horiei deitzeko eskubidea bakarrik dauka. Azken batean, ez da asko ikusten ze gastu egon daitezkeen kartzela baten barruan, baina badaude. Badirudi dena daukala ordainduta, baina ez da egia. Berari ematen dioten bakarra da jatekoa, eta hori ere eskasa da. Beste guztia erosi egin behar du, eta horretarako ere dirua behar du”, azaldu du.
Domekako ekimena, gainera, Gonzalezi babesa adierazteko ekimena ere bada. “Nabarnizen halakoak antolatzea garrantzitsua da Pablorentzat. Elkartasun mezu bat da, egunean bertan entzungo ez duena, baina iritsiko zaiona. Argazkiak atera eta berak Nabarnizko herria zein inguruko bizilagunak bere egoeraz adi eta arduratuta daudela ikustea sekulakoa da berarentzat. Indar handia ematen dio jakiteak babesa duela”, esan du Goirienak.
Egitaraua.
09:30. Ibilbidearen irteera ordua, plazan.
12:30. Elkarretaratzea, herriko plazan.
Ostean. Bertsolariak: Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.