Gernika-Lumoko kaleak jantzi dituzte merkatariek, eta balorazioa "ona" izan da
Azokak ikusgarritasuna eman die merkatariei zein euren eskaintzei, eta herriko merketaritza bultzatzeko apustua egin zuten azokara gerturatu ziren gernikarrek zein inguruko herrietako bizilagunek.
Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuak antolatuta, neguko merkatuak edo Winter Market azokak udalerriko kaleak jantzi ditu barikutik astelehenera bitartean, domekan salbu, eta “balorazio positiboa” egin dute merketariek.
Izan ere, azokak ikusgarritasuna ematen die merkatariei zein euren eskaintzei, eta herriko merketaritza bultzatzeko apustua egin zuten azokara gerturatu ziren gernikarrek zein inguruko herrietako bizilagunek. “Nortzuk garen ikusarazteko eta gure produktuak ikusteko aukera ematen digu azokak, eta garrantzitsua da. Garrantzitsua da herritarrek nortzuk garen jakitea”, diote.
Hori dela helburu nagusia diote merkatariek, eta barikuan eguraldi txarrak lagundu ez zuen arren, zapatuan eta domekan “jende gehiago” bertaratu dela adierazi dute: “Barikuan merkatari batzuek ez zituzten euren produktuak kalera atera, eguraldiaren ondorioz, baina zapatuan bai. Jendea ikustera etorri zen zapatuan, eta askok astelehenean erosi zituzten zapatuan ikusitakoak”. Hala, orokorrean, azken eguneko erosketak nabarmendu dituzte neguko azokan parte hartu duten merkatariek.
Kaleko azokak iraun dituen hiru egunetan, aparteko beherapenak izan dituzten merkatariek. Neguko denboraldiko arropa saldu da, eta udaberrikoa ere ikusteko eta erosteko aukera izan dute bertaratutakoek. Aurrerantzean ere, herritarrei herrian kontsumitzen jarraitzeko eskatu diete, tokian tokiko merkataritza sustatzeko.