Biztanleria atzerritarraren kopuruak "igoera nabarmena" izan du azken urtean
Mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak kontuan hartuta, 305 atzerritar gehiago daude aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, beste herrialde batzuetako 2.798 pertsona daude erroldatuta.
Busturialdeko Mankomunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriak kontutan hartuta, atzerritik heldutako biztanleen kopuruak “nabarmen” egin du gora azken urtean, eta pandemia aurreko iriste erritmoa berreskuratu da. Izan ere, iazko datuekin alderatuta, eskualdeko herrietan erroldatuta dauden 305 atzerritar gehiago zenbatu dituzte aurten, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jakitera eman duenaren arabera. Zehaztu dutenez, beste herrialde batzuetako 2.798 pertsona daude erroldatuta gaur gaurkoz; 2.493 lagun ziren iaz.
Datu horiek kontutan hartuta, eskualdeko biztanleria osoaren %9,3 dira atzerritarrak. Eskualdean bizi eta Espainiako nazionalitatea jaso duten atzerritarrak kontuan hartuz gero, ehuneko hori handiagoa dela adierazi du makomunitateak: %10,6. Aipatu ehunekoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta Espainiar estatuan dagoena baino baxuagoa da, horietan ehunekoa %11,5ekoa eta %15,8koa baitira hurrenez hurren.
Mankomunitateko arduradunek azaldu modura, kontuan hartu beharrekoa da “gero eta etorkin gehiagok” jasotzen dutela espainiar nazionalitatea, batez ere Hego Ameriketatik iritsitakoek. Horrenbestez, nahiz eta eskualdean bizi izan, ez dira atzerritar modura ageri. 2013tik, 373 lagunek jaso dute espainiar nazionalitatea –iaz 56 atzerritarrek jaso zuten–, eta, ondorioz, 2.798 erroldatuei espainiar nazionalitatea jaso dutenak gehitu behar zaizkie.
Mankomunitateak biltzen dituen hemeretzi udalerrietan bizi diren atzerritarren artean, %54,3 dira Europako Batasunetik kanpoko herrialdeetatik etorritakoak (1.519 lagun), eta Europar Batasunetik etorritako 1.279 biztanleetatik %86,8 dira errumaniarrak; 1.111 lagun dira aurten, eta 1.062 ziren iaz. Errumaniarrez gain, nazionalitatetik ugarienak dira marokoarra (148 lagun), nikaraguatarra (128 lagun), brasildarra (113 lagun), argentinarra (112 lagun) eta ukrainarra (106 lagun).
Nabarmentzekoa da iaz Ukrainatik etorritako pertsonen hazkundea; hain zuzen ere, 52 lagun bertaratu ziren. Horiez gain, hurrengo herrialdeetatik hurreratutako pertsonen kopurua ere azpimarratu dute mankomunitateko ordezkariek: 49 errumaniar, 42 kolonbiar eta 27 brasildar gehiago ere bertaratu dira.
Gehienak, Gernika-Lumon. Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan bizi diren atzerritarren gehiengoa (76,4) Gernika-Lumon bizi da; hain zuzen ere, 2.140 lagun bizi dira udalerrian, iaz baino 266 gehiago. Horiek udalerriko biztanleriaren %12,5 osatzen dute, eta, espainiar nazionalitatea jaso duten atzerritarren kopurua kontutan hartuz gero, hazi egiten da protzentaia, %14koa izanez.
Nabarmentzekoak dira baita ere, Arratzuko, Errigoitiko, Nabarnizko eta Sukarrietako datuak, izan ere, herri horietan igo egin da kanpotik etorritako herritarren kopurua. Hain zuzen ere, 11 atzerritar gehiago bizi dira iazko urtarrilagaz alderatuta Arratzun, zortzi Sukarrietan, zazpi Nabarnizen eta sei, berriz Errigoitin. Aldiz, Foruan eta Ean alderantzizko joera izan da, izan ere, iaz baino hamahiru herritar gutxiago bizi dira Foruan eta bederatzi Ean.