Samuel Fernandez maisutasunez gailendu da Ereñon
Caja Rural-Alea etxeko Samuel Fernandez asturiarrak irabazi zu XX. Ereñoko Udala Sari Nagusia. Mathieu Dupe frantziarrak Euskaldun Torneoko lidertza galdu du, Eulen taldeko Iñigo Eizagirre zarauztarraren mesedetan. Taldeka, Caja Rural-Alea nagusitu da.
Caja Rural-Alea taldeko Samuel Fernandez asturiarrak garaipen sendoa poltsikoratu zuen zapatuan, XX. Ereñoko Udala Sari Nagusian. Euskaldun Torneoko bigarren lasterketa puntuagarriak ez zuen hutsik egin, eta txirrindulariek gogotik sufritu behar izan zuten 103 kilometroko eta 1.800 metro positiboko desnibeldun ibilbidea betetzeko. Hasieratik, Caja Ruralek ihesladien aldeko apustu argi eta garbia egin zuen: probaren lehen zatian lasterketa burua hartu zuen hamabiko taldean sartu zituzten Diego Ruiz de Arkaute eta Fernandez.
Probaren lehen zatian eraturiko hamabiko ihesaldiak lasterketaren noranzkoa markatu zuen
Ihesaldiak ez zuen alde oso esanguratsurik lortu, baina nahikoa izan zitzaien eguneko lehen mendate puntuagarria, Nabarniz, gainditzeko eta bigarrena, Natxitua, aurrean hasteko. Bigarren eta azken aldapa hartan erabaki zuten, hain zuzen ere, lasterketa. Ihesaldia apurtu, eta hiru txirrindularik aurrea hartu zuten; dena dela, mendate pankartatik helmugara arteko bost kilometroak ez ziren jaitsieran, sasi-ordekan eta ibilbide teknikodunak baino. Eremu horretan, Fernandez nagusi agertu zen, eta bakarrik ailegatu zen Ereñoko herrigunean kokaturiko helmuga lerrora.
Talderik sendoena. Caja Rural-Alea, bere taldea, izan zen probako taldekako garailea, eta lidertzan ere aldaketak egon ziren. Izan ere, Zumaian lehiaturiko txapelketako lehen probako garaileak, Mathieu Dupe frantziarrak, liderraren elastikoa erantzi behar izan zuen, eta testigua hartu zion Eulen etxeko Iñigo Eizagirre zarauztarrak; berak defendatu beharko du lidertza datorren zapatuan, Berriatuan lehiatuko den torneoko hirugarren proban.
Samuel Fernandez: “Hasieran ez nuen aurreikusten eguneko ihesaldian sartzerik”
Ereñoko garaile Fernandezek adierazi du hasieran batean “ez zuela aurreikusten eguneko ihesaldian sartzerik”: “Taldean ez geunden oso seguru aukera horretaz, ibilbide hain gorabeheratsuan oso gaitza izaten baita aldea egitea; dena dela, behin ihes eginda, Ruiz de Arkaute eta biok topera pasatu gara erreleboetara”. Fernandezek azkenengo hamabost kilometroan sinestu zuen garaipena lortzeko zituen aukerengan: “Behin aukera egon bazegoela jakinik, Natxitura ahalik eta hoberen kokatuta igotzen hasten saiatu nintzen; lasterketa buruan hiru baino ez ginenean geratu egin nuen neure erasoaldia, eta helmugara arte dena ematera behartu ninduten. Azkenean estrategia bikain atera zitzaidan, eta bidea egitea lortu nuen”.