LAB sindikatua da eskualdeko bozkatuena
Bozken %43 lortuta da sindikaturik bozkatuena LAB. Hain zuzen ere, industria sektorean lortu ditu "datu esanguratsuenak" sindikatuak; bozken %70 metalgintzako azpisektorean eskuratu ditu.
Busturialdea eta Lea-Artibain LAB da sindikaturik bozkatuena, bozken %43 lortuta. Hala adierazi dute sindikatu abertzalekoek, hauteskunde sindikalak egin ostean. 4 urterik behin egiten dira langileen ordezkariak hautatzeko enpresetan burutzen diren hauteskunde sindikalak, eta iazko irailetik abenduaren 31ra bitarteko epea “epealdi trinkoa” izan zen, enpresen gehiengo handi batean hauteskundeak burutzen diren garai.
Lehen txanpa hori amaituta, zehaztu dutenez, bigarren sindikatuarekiko aldea “bost puntutan” igo dute: “Iazko emaitzen arabera, bigarren sindikatu bozkatuenarekiko aldea areagotzen goaz urtez urte, bai bozka kopuruan, bai lehen postua egonkortzeko eta sendotzeko ahaleginean”. Errolda igoeragaz batera, sindikatu abertzalearen aldeko botoek “gora” egin dutela diote ordezkariek, “gainontzeko sindikatuek boto kopuruan behera egin edota berdinean mantendu diren bitartean”. Izan ere, zehaztu dutenez, 2018agaz alderatuta, %14,85 boto gehiago jaso ditu LABek.
Busturialdean eta Lea-Artibain, industria sektorean lortu ditu “datu esanguratsuenak” sindikatuak. Hain zuzen ere, industrian jasotako bozken %70 metalgintzako azpisektorean eskuratu ditu LABek. Adierazi dutenez, sektoreko “joeragaz bat eginda”, metalean boto kopuruan igoera izan duen sindikatu bakarra da, %21,31ko igoeragaz: “Metalgintzan egiten dugun jardunaren egokitasunaren adierazle dira datu hauek, eta horrek gure borroka ereduan berrestera garamatza”.
Nabarmendu dut, baita ere, zerbitzu publikoetako udaforoko azpisektorean, “lehen aldiz, sindikatu bozkatuena” izan direla Busturialdean eta Lea-Artibain, eta hori ordezkari kopuruan ere islatuta geratu dela, “gehiengoa eskuratuta”.
Sektore soziokomunitarioan –adinekoen egoitzak, etxez etxeko langileak, aniztasun funtzionala edota esku hartze soziala– “egindako lanak fruituak” eman dituela diote, sindikatuak “inoizkorik emaitzik onenak” lortu dituelako. “Sektore guztiz feminizatu eta prekario horietan, pandemiak eragin zuzena izan zuen eta langileen antolaketa areagotzen joan da. Hori ere nabarmentzen hasi da emaitza sindikaletan, eta, bide luzea geratzen den arren, inoizko emaitzarik onenak lortu ditugu”, azaldu dute ordezkariek.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoa erreferentzia hartuta, %20ko langara gerturatu dira, eta bigarren sindikatu gisa “indartu” da LAB. “2021etik 2022ra bilakaerak motelaldia izan badu ere, LAB da azken lau urteko epealdian gehien hazi den sindikatua Bizkai, Araba eta Gipuzkoan”, gehitu dute.
Datuak esku artean, Busturialdean eta Lea-Artibain lortutako emaitzek “konfiantzazko” sindikatu modura “indartu” diete sindikatuko ordezkari zein kideei, eta, aurrera begira, “anbizioz” helduko diete erronka berriei. Norabide horretan, badituzte egitekoak: “Gaurtik maiatza amaierara arte, garai trinkoaren bigarren txanpa da, eta azken hilabeteetako emaitzak hobetzea da gure erronka, langile borrokak hauspotu eta guztiontzako lan eta bizi baldintza duinak eskuratzeko”.