Itsas gudariak gogoan
Urtero legez, lore eskaintzak egin zituzten itsasoan eta 'Matxitxakoko Guda' eskulturan.
1937. urteko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omentzeko batu ziren atzo Bermeon, Eusko Alkartasunak (EA) eta Alkartasuna Fundazioak antolatuta. Ohiturari eutsiz, lehenbizi itsas gudarien omenezko lore eskaintza egin zuten; itsasoan lehenengo, Matxitxako eta Gaztelugatxeko San Juan artean, eta Nestor Basterretxeak bataila hartan hildakoen omenez egindako Matxitxakoko Guda eskultura aurrean geroago.
Galdames ontzia babesten Baionatik Bilbora zetozen Bou Gipuzkoa, Bou Bizkaia eta Bou Nabarra Canarias ontziagaz topo egin eta Nabarra hondoratu zuten. Bertan zihoazen 52 gizonetatik 18 bizirik atera ziren. Itsas Gudari horiek herriagatik bizia eman zutela gogoratu zuten beste behin ere atzo, Itsas Gudari Egunean.
Lore eskaintzak egin ostean, Bermeora bueltatu ziren eta ekitaldi politikoa egin zuten Bermeoko Kafe Antzokian. Aingeru Astui Arrantzaleen Museoko zuzendari ohiak, EH Bilduko senatari eta Bermeoko alkate ohi Idurre Bidegurenek, EH Bilduren alkategai Asier Larraurik eta Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusi Eba Blancok parte hartu zuten horretan.