Irazu eta Aranguena, boteretsu
Araitz Irazu Legorburu eta Julen Aranguena Arribalzaga nagusitu dira Ibarruriko Mendi Lasterketan. Ia 600 mendizale animatu dira mendi martxez eta Urdaibai Kopako lehen lasterketaz gozatzera.
Araitz Irazu Legorburu eta Julen Aranguena Arribalzaga nagusitu dira Ibarruriko X. Mendi Lasterketan. Inoizko partaidetzarik esaguratsuena eduki du aurten mendizaletasunaren jaiak Ibarrurin. Mendi lasterketa, martxa luzea eta laburra kontuan izanda, ia 600 mendizale inguru elkartu dira. Saltsamendi Kultur Elkarteko kideek, horrenbestez, bete dute aurtengo erronka nagusia: pandemia aurreko zifretara eta girora bueltatzea.
Martxa luzeak erakarri zituen parte hartzaile gehienak: 08:30etan, Ibarruriko irteera lerroa mendizalez gainezka agertu zen, 21 kilometro pasako ibilbideari ekiteko prest. Hotzari aurre eginez, ibiltari tropelak asfaltotik Burdaria auzorako bidea hasi zuten, aldapa gora, eta jarraian basora sartu ziren. 10:00etan, ostera, Urdaibai Kopako lehen probako parte hartzaileen txanda iritsi zen. Giro onean abiatu zuten lehia; lasterketako puntu gorena Oiz mendiko San Kristobal baselizan topatu zuten, ibilbidearen erdialdean; puntu hartan, bigarren anoa postuan, Aranguena kortezubitarra lasterketa buruan pasatu zen. Podiumeko jokoa, baina, zabalik zegoen Ekaitz Lejarzegi kortezubitarraren, eta Paul Goitisolo nahiz Kepa Bastegieta gernika-lumotarren artean. Arrolapetar batek lortuko zuen garaipena, beraz.
Aranguenak 1.43.13ko denbora behar izan zuen ibilbidea betetzeko, eta Irazuk, aldiz, 2.15.33koa
Lejarzegi eta Goitisoloren artekoa izan zen lasterketako erakargarri nagusienetako bat: borroka gogorra eduki zuten bigarren postua lortzearren. Esprintean, Lejarzegi nagusitu zen, 1.45.15eko denboragaz; Goitisolo segundu bi beranduago iritsi zen, denak emanda; eurak baino minutu bi lehenago, Aranguenak 1.43.13ko denboragaz lortu zuen garaipena.
Emakumeen artean, Arrolapeko Irazu hernaniarrak lehia gogorra eduki zuen Amelie Le Gall getxoztarragaz, baina lehenengoak errenta nahikoa egitea lortu zuen, eta helmugaraino mantendu zuen; hirugarren postua Garazi Abasolo Mujika aretxabaletarrak eskuratu zuen. Irazuk 2.15.33ko denbora behar izan zuen Ibarruriko plazako helmugara heltzeko; Le Gal hiru minutu luzeren ondoren ailegatu zen, eta Abasolok, aldiz, 2.22.28koa egin zuen.
Ziortza Barruetabeña Erdaide nagusi izan zen promesa mailan; Leire Monasterio Gonzalez, ostera, beterano mailan
Promesa mailan, bestalde, Arrolapeko Ziortza Barruetabeña Erdaide gernika-lumotarra nagusitu zen. Horiez gain, aipatzekoa izan zen Maialen Basterra Fernandez gernika-lumotarrak eta Leire Monasterio Gonzalez errigoitiarrak egindako lasterketa, beti bezain erregular. Monasterio, gainera, beterano mailan garailea izan zen. Gizonezkoen artean, irabazle absolutuak, Aranguenak, lortu zuen beterano mailako garaipena; senior mailan, berriz, bigarren sailkatutako Lejarzegi nagusitu zen.
“Balorazio bikaina”. Saltsamendi Kultur Elkarteko antolatzaileak “guztiz asebeteta” azaldu dira, atzoko egunaz galdetuta: “Kasurik onenean ere ez genukeen imajinatuko hamargarren urteurrena hain ondo joango litzatekeenik: mendizaleak aldarte bikainean igarri genituen; lasterketan frogatu genuen etxean edo eskualdean egundoko maila dagoela; naturareriko errespetua gailendu zen; familiak pozarren ibili ziren puzgarrien eremuan; eta, guztiaren gainetik, anbulantzia ez genuen ezertarako mugitu, ez baitzen istripu larririk egon”.
Antolakuntzak “balorazio bikaina” egin du, eta eskerrak eman gura izan dizkie goizean goiztik laguntzen ibilitako boluntarioei. Hurrengo urterako helburu nagusiei dagokienez, bi zehaztu dituzte: “Batetik, herri txikien potentziala eta berezitasuna aldarrikatzen segitzea, xumetasuna abiapuntu edukita; bestetik, emakumezkoen parte hartzea sustatzen jarraitzea”.
Hankak eginiko esfortzutik berreskuratu ondoren, Ibarrurik Ereñori pasatuko dio testigua, azken herri hori Urdaibai Kopako bigarren geltokia izango baita, hilabete amaieran. Izan ere, martxoaren 25ean, Ereñoko Mendi Lasterketa egingo dute.