Hasi dira martxoaren 8ra begirako aldarrikapenak zein ospakizunak
Busturialdeko Itaiakoek gaur hasi dute egunotarako prestatuta daukaten egitaraua. Erroxape Emakumeen Elkarteak atzo ireki zituen erakusketako ateak, eta barikura bitartean bisitatu ahalko da.
Eguaztenean izango da Emakumeen Nazioarteko Eguna, hala ere, motorrak berotzen hasita daude Busturialdean. Aldarrikapen zein ospakizunetarako tartea egoten da Martxoaren 8an, denak, baina, emakumeak dituzte oinarri.
Busturialdeko Itaiako zenbait kidek horma-irudi bat egin dute goizean (gaur, martxoak 4), Bermeoko Zubiaur tar Kepa kaleko horma batean. Emakume Langileok Borrokara irakurri daiteke gaur marraztu duten horma-irudian. “Martxoaren 8a ez da bakarrik kalera ateratzeko eguna, politika egiteko eguna ere badela aldarrikatu gura dugu”, azaldu dute. Martxoaren 8a “bere testuinguru historikora” bueltatu gura dutela diote: “Kongresu sozialista batean emakume langileen borroka eguna zehaztu zen, eta emakume langileen egunari goraipamen hori egin gura diogu”.
Edozein lekutan horma-irudia egin ezin denez, arazoren bat edo beste izan dute. Hala ere, atzo, “azken unean” jakin zuten non egin ahal zuten gaurkoan jarri gura izan duten leloa.
Askatasun Bidea kalean egin dute, berriz, Bermeoko Mugimendu Feministakoek beste horma-irudi bat. Kasu honetan, Lian muralgile famatuak egindakoa da, eta Mugimendu Feministek martxoaren 8an aldarrikatuko duten mezuagaz bat dator. Zaintza kultura eraldatu leloa aurkeztu dute Bermeoko hora-irudirako.
Bestetik, Bermeoko Erroxape Emakumeen Elkarteak martxoaren 8aren harira jartzen duen erakusketa ere zabalik dago. Atzo (martxoak 3) zabaldu zituen ateak, eta elkarteko emakumeek tailerretan egiten dituzten lanak ikusi daitezke Nestor Basterretxea aretoan. Bermeoko Udaleko ordezkariak ere egon ziren atzo erakusketan. Barikura bitartean bisitatu daiteke erakusketa honako ordutegian: aste bitartean 18:00etatik 20:00etara eta zapatuan eta domekan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara.
Arratsaldean, emakumeek pelikuletan edota serieetan betetzen dituzten “rol estereotipatuak” ikusarazi eta kritikatu dituzte Muxikako Oxygastra Curtisii kutur elkartekoek oholtza gainean, Amatau pantailak ikuskizunean, Ariatzako elizan.
Egunotan hainbat ekintza egingo dira eskualdean, eta datorren asteburura arte luzatuko dira. Ume zein nagusientzako hamaika ekintza egongo dira aukeran.