Mundu berri bat urazalaratzeko
Gernika-Kosnoagak aniztasun funtzionaleko multzoa du. Lau gazte gernika-lumotarrek gidatzen dute bederatzi igerilariko taldea. Igeriketa autonomia lortzeko bide dute taldeko bederatzi partaideek.
Aniztasun funtzionala egunerokoan eta gizarte mailan normalizatuta edo, behintzat, normalizaziorako bidean egon arren, asko dira oraindik apurtzeke dauden kristalezko sabaiak. Hainbat dira aniztasun funtzionalak dituztenek egunero gainditu behar izaten dituzten mugak. Gernika-Kosnoaga igeriketa taldeko kideek horma horietako bat, urarena, bikaintasunez eraitsi dute: aniztasun funtzionaldun igerilari taldea dute, igeriketaz eta kirol horren onurez taldean goza dezaten.
Bederatzi igerilari dabiltza egun, lau monitorek gainbegiratuta. Horietako bat Aimar Irazabal gernika-lumotarra da. Duela 11 urte piztu zitzaion igeriketarekiko interesa, eta klubean hasi zen. Beraz, aniztasun funtzionaleko taldearen sorrera “bete-betean” bizi izan zuen, “duela sei edo zortzi urte inguru eratu baitzen”.
Zuzendaritza batzordetik ailegatu zitzaion, azaldu duenez, monitore hasteko aukera: “Batzorde horretako kideek niri eta klubeko beste hiru gazteri proposatu ziguten disfuntzionalen taldea gidatzea, eta ez genuen zalantza egin”. Iaz estreinatu ziren monitore gisa, baina urteak zeramatzaten ordura arte ibilitakoen urratsak jarraitzen. Irazabalez gain, Garazi Bengoetxea, Maialen Foruria eta Naia Urzaa dira gainontzeko monitoreak.
Martitzenetan eta eguenetan elkartzen dira, 45 minutuko saioak egiteko
Aurrekoen pausoak segituz. “Gu orduko, Andoni Ayarzaguena eta Paul Goitisolo gernika-lumotarrak aritu ziren postu horretan, eta eurak izan ziren hasieran lagundu zigutenak; lehenengoak, esaterako, bost urte inguru egin zituen monitore, eta pila bat lagundu zigun geure hasiera hartan”, argitu du.
Taldea, egun, bederatzi igerilarik osatzen dute. “Kopuru polita da bai igerilarientzat, bai gidariontzat”, adierazi du. Entrenamenduen banaketa egiterako orduan ere, igerilari kopuru horregaz “bikain” moldatzen dira. Astean saio bi egiten dituzte: martitzenetan eta eguenetan. Horietako bakoitzera monitore bi joaten dira, eta igerilari kopurua ere parekoa izan ohi da: “Martitzenetan lauk entrenatzen dute; eguenetan, bostek”.
Asteko lehen txandan aritzen da Irazabal. Mugikortasun gehien duen taldea da martitzenetakoa: “Beren trebezia fisikoak eta mugitzeko gaitasunak metro gehiagoko saioak egitea eta erritmoekin gehiago jokatzea ahalbidetzen digute”. Entrenamendua, igerilekuan luzeak egiteaz gain, ludikotasunean oinarritzen dute: “Igerilariek egunerokotik deskonektatzea eta kirola eginez ondo pasatzea lehenesten ditugu; hortaz, saioaren amaiera urpean jokoak egiteko aprobetxatzen dugu”. Eguenetako taldeak “apur bat gehiago” jotzen du joko horietara, “taldearen ezaugarriak direla eta”, baina Irazabalek azaldu du zenbait kasutan igeri egiteak besteko garrantzia “edo are handiagoa” dutela jolasek.
Erakustaldia egin zuten taldekideek otsailaren 18an, Santanapen
Igeriketa eskolen onurez galdetuta, Irazabali berehala berba bat datorkio burura: “autonomia“. “Igeri egiteak egundoko onura egiten die, alde fisikoari dagokionez. Horren gainetik, baina, beren burua autonomo, independente eta mugikor ikusten dute; aske sentitzen dira uretan”. Ez hori bakarrik: gernika-lumotarrak uste du autonomia hori “bizitzako gainerako alderdietan” islatzen dutela, hau da, kirolaren bidez “denetarako balio dieten lanabesak” topatzen dituztela. Horren erakusle dira kiroldegiko aldagelak: “Gu beti eurekin egoten gara, behar duten guztian laguntzeko; dena dela, gero eta autonomoagoak dira, eta ia-ia beren kabuz moldatzen dira. Neurri handi batean, uretan eginiko lanaren ondorio ere bada hori”.
Igerilariekin ez ezik, beraien senideekin ere zuzeneko hartu-emana dute lau monitoreek. Igeriketa saioak 18:00etatik 18:45era bitartean egiten dituzte, baina beren lana arinago hasten da: Aldageletara sartu orduko, beraien laguntzaile edota senideekin elkartzen dira kiroldegi kanpoan, eta giroa “hurrekoa eta atsegina” izaten da; aldageletako tartea ere elkarregaz egiten dute monitore eta igerilariek, baita saioaren ostekoa ere. Aldartea, beraz, “familia handi baten modukoa da”.
Aimar Irazabal: “Igerilariek astero-astero frogatzen didate bizitzaz topera gozatzeko prest daudela, eta horrek une bakoitza berezi egiten du”
“Asko dugu ikasteko”. Irazabal SHEE eta irakasle ikasketak egiten ari da, eta azaldu du eskolak “benetan lagungarriak” zaizkiola bere formakuntza prozesuan: “Aukera ematen didate praktikan ipintzeko entrenamenduak zelan atondu, arlo psikologikotik zelan jokatu eta beste hainbat kontu”.
Eremu profesionaletik harago, norbanako legez irakaspen handiak jaso dituela adierazi du: “Asko dugu ikasteko pertsona horiengandik; astero-astero frogatzen didate bizitzaz topera gozatzeko prest daudela, eta horrek une bakoitza berezi egiten du. Gaur-gaurkoz, oso pozarren joaten naiz entrenamenduetara, eta aurrerantzean horrelaxe jarraitzea espero dut”.
Neska-mutilok egiten duten beharra bistaratu asmoz, erakustaldia egin zuten Gernika-Kosnoagako aniztasun funtzionaleko igeriketa taldekoek, otsailaren 18an, Santanapen. Eskolarteko 5. jardunaldiak egin zituztela baliatuz, “bikain” agertu ziren igerilariak: “Une berezia izan zen bakoitza kale batean bere onena ematen ikustea; senideak eta txapelketa ikustera joandakoak ere hunkituta ikusi genituen. Oso polita izan zen”.
“Entrenatzeko kale bat behar izatea begi onez ikusten ez duten guztiei ulermen eta enpatia apur bat eskatu gura diegu”
Bestalde, Irazabalek “ulermenerako deialdia” luzatu gura du. Batetik, argitu du tankerako beste talderik ez duela ezagutzen inguruan; bestetik, igerilekuan dituzten trabak plazaratu ditu. “Jende ugari egoten da igerilekuan gu aritzen garen ordutegi berean, eta batzuek ez dute begi onez ikusten guk kale bat behar izatea, entrenatzeko. Horiei guztiei ulermen eta enpatia apur bat eskatu gura diegu”.