Sukarrieta zeharkatzen duen errepideko zirkulazioaren abiadura murriztu gura dute semaforoekin
Semaforoen bitartez, gainera, Ramonako bihurgunean arriskua murriztea ere badute helburu.
Sukarrieta zeharkatzen duen BI-3215 errepideko zirkulazioa baretzeko lanetan dabil Sukarrietako Udala; izan ere, udal arduradunek diote “ibilgailuak abiadura handian” joaten direla, batez ere, Gernikaranzko norabidean. Horrekin batera, Ramonako bihurgunean arriskua murriztea dute helburu, “bertan dagoen tarte estuan ibilgailu astunek kontrako noranzko erreia hartzen baitute”.
Hainbat bilera eta kudeaketa egin ondoren, Sukarrietako Udalak lortu du Bizkaiko Foru Aldundiak azterlan bat egitea gune horretarako, eta zirkulazioa baretzeko semaforoak jarriko dituztela adierazi dute.
Azaldu dutenez, errepidearen azken zatian, Sukarrietako mugatik gertu, lehen semaforo bat jartzen ari dira, Txatxarramendiko zubian, Marisma parkearen sarreran, hain zuzen ere. Semaforo hori, Sukarrietako gainan (Munitizerako saihesbidean) eta Sukarrietako Batzokiaren aurrean dauden semaforoei konektatuta egongo da. Horiei guztiei, semaforo gehigarri barri bat gehituko diote, Zaldua jatetxe zaharraren parean, “errepidearen aldats erdian”.
Esku-hartze horren bidez, semaforo guztiak ziklikoki berdean jarriko dira oinezkoentzat, eta gorriz ibilgailuentzat, “botoi bidezko aktibazioa kenduta”. Modu horretan, zirkulazioaren abiadura “nabarmen murriztuko” dela uste dute, batez ere, Gernika-Lumorako norabidean; “izan ere, errepidean, maldan behera, abiadura handia hartzen dute ibilgailuek”. Semaforoak erregulatzeko neurri horregaz, Ramonako bihurgunean bi noranzkoetan zirkulazioa elkartzen den lekuaren segurtasuna hobetzea ere badute asmo.
Neurri hauek guztiak, Sukarrietako zatian, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sukarrietako Udalak finantzatuko dituzte, eta dagoeneko ari dira horiek gauzatzen; beraz, Aste Santura begira martxan egotea aurreikusten dute.