Domekan ospatuko dute Itsas Gudari Eguna
Eusko Alkartasunak deituta, lore eskaintza egingo dute 'Matxitxakoko Guda' eskulturan; ondoren, herrira bueltatuta ekitaldi politikoa egingo dute Bermeoko Kafe Antzokian.
Matxitxakoko Gudaren urteurrena gogora ekartzeko ekitaldia antolatu dute Eusko Alkartasunak (EA) eta Alkartasuna Fundazioak, domekarako. Urtero legez, 1937. urteko martxoaren 5eko batailan parte hartu zuten gudariak omenduko dituzte.
Ohi legez, itsasoan lore eskaintza egingo dute, bai eta Nestor Basterretxeak bataila hartan hildakoen omenez egindako Matxitxakoko Guda eskultura aurrean ere. Hain zuzen ere, 11:00etan jarri dute ordua Matxitxakoko Guda eskulturan bertan.
Ondoren, Bermeora bueltatu eta 12:15ean ekitaldi politikoa egingo dute Bermeoko Kafe Antzokian. Aingeru Astuik, Eba Blancok, Idurre Bidegurenek eta Asier Larraurik hartuko dute hitza. Amaieran, luntxa egongo dela aipatu dute.