Zuhaitz Egunean elkartuko dira domekan, Mendatan
Ohiturari jarrituz, Zuhaitz Eguneko eta Basatozte Eguneko ospakizunak egun berean ospatuko dituzte Mendatan. Goizean zuhaitzak landatu ondoren, eguerdian Taberna Barri inguruan batuko dira txitxiburduntzian.
Beste urte batez, ohiturari jarraiki, Bastozte Egunarekin batera egingo dute Zuhaitz Eguna Mendatan.
Domekan (martxoak 5) 11:30ean Artape aurrean elkartu eta Kalbariorantz abiatuko dira bertaratzen diren haur, gazte zein helduak. Bertan, aurreko urteetan landatutako zuhaitzak bisitatu eta berriak landatuko dituzte.
13:30etik aurrera, berriz, Taberna Barri inguruan egingo dute txitxiburduntzia, indarrak hartzeko. Diotenez, sua lehenago piztuko dute, hitzordurako prest edukitzeko. Zotzak norberak eroan beharko dituela diote, baina gainontzekoa Mendatako Udalak eta Oilargane elkartekoek eroango dute: “Umeak, gurasoak, aiton-amonak… denek parte hartzea da gure helburua, eta bide batez, ohiturei eustea”. Antolakuntzan laguntzeko jendea beharko dutela adierazi dute.
“Gure tradizioak gure sustraietan daude, eta horiek giro alaian, herria batuz eta kontzientziatuz kontserbatzea baino modu hobeagorik ez dago”, adierazi du Joseba Mallea Mendatako alkateak. Mendatarren belaunaldi berriek balio horiek familian ikasteko aukera dela domekako eguna dio: “Herria batzeko modurik onena da, eta denon artean momentu politak bizitzekoa. Helburua herrian aisialdiaz familian gozatzea da”.