XX. Ereño Udala Sari Nagusia, zapatuan
Datorren zapatuan [martxoak 4] lehiatuko dute XX. Ereñoko Udala Sari Nagusia txirrindulari lasterketa. 103 kilometro eta 1.800 metroko desnibela gainditu beharko dituzte ziklistek. 15:30ean hasiko dira, Atxoste auzoan.
Zapatuan [martxoak 4] XX. Ereñoko Udala Sari Nagusia txirrindulari lasterketa lehiatuko dute. Elite eta 23 urtez azpiko ziklistak zein baino zein gehiago ariko dira, garaipena nork lortuko. Atxoste auzoan emango diote hasiera Euskaldun Torneoko bigarren probari, 15:30ean. Gerandape Kirol Klubak, Gernikesa Txirrindulari Elkarteagaz batera, beste urte batez ibilbide gorabeheratsua, bihurgunetsua eta teknikoa prestatu du; hain zuzen ere, parte-hartzaileek hainbat tontor gainditu beharko dituzte 103 kilometrotan barrena, 1.800 metro positiboko desnibela metatua baitu lasterketak.
Irten bezain laster, Gautegiz Arteagara eta handik Laida eta Laga hondartzetara joko dute; jarraian, Arbolizko gaina igoko dute eta berriro bueltatuko dira Atxostera baserri bideetatik. Irteera gunetik igarota, bigarrenez itzuli berbera egingo dute, baina, behin Arboliztik pasatuta, Natxitura eta Eara joango dira, Ispastertik Ereñora itzultzeko. 59. kilometroan tarteko lehen helmuga edukiko dute, Atxosten bertan. Gernika-Lumora jaitsita, lasterketako mendaterik gogorrena igo beharko dute: Belendiztik Nabarnizera igoko dira.
Nabarniz eta Natxitua izango dira lasterketa mendiaren sailkapenerako bi mendate puntuagarriak
Ereñon, gerora helmuga izango den eremuan, bigarren tarteko helmuga edukiko dute; ondoren, arinago egindako bidea alderantziz egingo dute eta Ispasterren edukiko dute hirugarren eta azken tarteko helmuga. Ostean, mendiko sailkapenerako puntuagarria izango den azkenengo mendatea igoko dute: Natxitua, Angelutxu auzotik. Natxitura igoera oso erabakigarria izan daiteke, tontorretik Ereñoko herrigunean kokaturiko helmugara bost kilometro baino ez baitzaizkie geratuko; kilometro horiek, gainera, lehen itzulian egindako berberak izango dira, hau da, bide estuetatik eta ibilbide gorabeheratsuagaz. 18:15 aldera helmugaratuko dira lasterkariak.
Enekoitz Azparren nagusitu zen iaz bere taldekide Xabier Berasategiren aurretik. Egun, biak profesional mailan ari dira, Euskaltel Euskadi taldean
Lehiaketako bigarrena. Ibilbide laburra eduki arren, azken urteotan Euskaldun Torneoko probarik gogorrenetakoa izan da Ereñokoa. Iaz, bestalde, istripuak izan ziren protagonista: lasterketa ordubetez neutralizatuta eduki zuen eroriko handi batek, eta azkenean ibilbidea laburtu egin behar izan zuten antolatzaileek. Azkenean, Laboral Kutxako Enekoitz Azparren nagusitu zen, bere taldekide Xabier Berasategiren aurretik. Egun, biak ala biak profesional mailan ari dira, Euskaltel Euskadi taldean. Zumaian lehiatu zuten, joan den asteburuan, Euskaldun Torneoko estreinako lasterketa, Zumaian. Independente modura lehiatu zuen Mathieu Dupe frantziarra nagusitu zen, Laboral Kutxako Iker Barandiaranen eta Finisher etxeko Hugo Aznarren aurretik.