Bruno Carvalho: "Informatzeko eskubidearen aurkako eraso argia da Pablo Gonzalezen atxiloketa"
Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren jarraipena egiten ari da Bruno Carvalho kazetari portugaldarra Dombassen, eta Pablo Gonzalezen askatasuna aldarrikatu du bertatik.
Lankide izandakoak dira Bruno Carvalho eta Pablo Gonzalez kazetariak, elkarregaz Dombasseko gerrari buruz informatzen aritutakoak. Gertutik jarraitu du Gonzalezen egoera, eta kazetari portugaldarrak dio informazio eskubidearen kontrako “erasoa” dela elantxobetarraren espetxealdia.
Ukraina eta Errusiaren arteko gerrari buruz informatzen zebilela atxilotu zuten Gonzalez, zelan bizi zenuen egoera?
Donetsk hirian nago orain, Ukrainako armadak egunero bonbardatzen duen hiri batean, eta bertatik jarraitu dut Gonzalezen egoera. Kazetari modura ari naiz lanean hemen, nazioarteko hainbat hedabideentzako lan egiten, eta elkartasuna adierazi gura diet Pablori zein bere familiari. Poloniak Pablo atxilotu zuenetik adierazi dut nire sumindura haren egoeragatik. Izan ere, informatzeko eskubidearen aurkako eraso argia da Pablo atxilotu izana, hain testuinguru zailean lan egitearen aurkakoa.
Agintarien laguntza falta nabaritu duzu?
Suminduta geratu nintzen agintarien babes faltagatik, eta ez bakarrik Espainiako estatukoen babes faltagatik, baita Europako agintarien aldekoagatik ere. Izan ere, beste testuinguru batzuetan azkar salatu eta erantzun dute hainbat kazetariren atxiloketen edo espetxeratzeen aurrean, eta oraingoan ez.
Argi eta garbi isiltzen dira Polonia Europar Batasuneko kidea delako, Ukrainako gerran funtsezko aliatua. Beraz, nire gaitzespen osoa adierazi nahi dut Pablok bizi duen egoerarekiko.
Duela urtebetetik, Poloniako kartzela batean dago, baldintza zail bezain gogorretan, akusazioa zein den jakin barik, eta bere abokatuek ezin dute askatasunez lan egin; bere familiak ere ezin du erregulartasunez bisitatu, eta egoera hori ezin da onartu. Kartzelan isolatuta egotea eraso bat da, ez bakarrik bere aurka, baita gerra eszenatoki batean lanean ari garen kazetari guztien kontra ere. Niretzat, gainera, Pabloren kartzelaldia abisu bat da, komunikabide handiek inposatzen dituzten ildo editorialekin lerrokatuta ez bagaude errepresaliak jasan ditzakegula erakusteko ahalegina. Gainera, esan beharra dago, Pablo Ukrainak sortutako zerrenda beltz batean zegoela, kazetari politikoen eta mota guztietako jendearen aurkakoa, non artistak, idazleak, abeslariak, kirolariak… ere badauden. Egoera hori guztia arbuiagarria da, eta Gonzalezen berehalako askatzearen alde mobilizatu egin behar gara.