Vade Retrorako sarrerak agortu dira
Orain arte Spookyheria Productions elkarteak antolatutako Vade Retro jaialdia "arrakastatsua" izan da, aurten, baina, lehenengoz, jaialdia hasi ordurako sarrerak agortuta zeuden.
Aurtengoa “izugarria” izan dela diote Spookypheria Productions elkarteko kideak; Vade Retro jaialdia hasi orduko sarrera guztiak agortuta zeuden, eta, hortaz, Bermeoko Kafe Antzokia “beteta” egon zen zapatuan. “Jaialdia beti izan da arrakastatsua, baina inoiz ez da aurtengoa gertatu, lehenengoz saldu ditugu sarrera guztiak. Sarrera barik geratu ziren baten batzuk ere”, azaldu dute.
Giroa “ezin hobea” izan da antolatzaileen esanetan: “Jaialdia gauean bada ere, goizerako jende asko zegoen Lameratik eta portutik mozorrotuta. Beraz, jendeak gogotsu hartzen du eguna”.
Jaialdian ohikoak diren Unholy Covers musika taldearen kontzertuagaz eman zioten hasiera gauari. Ondoren, DC Datak jarri zuen musika 06:00ak arte; 50. hamarkadatik hasi eta 90. hamarkadara arteko musikagaz dantzatu zuten bertaratutakoek.
Zintak birbobinatzeko lehiaketa “arrakastatsua” izaten da Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen jaialdi horretan, eta zapatuan ere ez zuen hutsik egin. Hala, hainbat izan ziren agertokira igota, lan horretan ibili ziren parte hartzaileak.
Antolatzaileak “oso pozik” daude: “Konturatu gara jendeak eguna gordeta daukala, zerbait ondo egiten ari garen seinale ere bada”. Datorren urtera begira, gauzak “ondo egiten” jarraituko dutela aipatu dute; hori, baina, elkarteak antolatzen dituen Gorefest eta Halloween Metal Fest jaialdien ostean izango dela gogorarazita.