Liburua: orriz eta hostoz osatutako arbola
'Liburuaren arbola' erakusketa ondu du Euskararen Etxeak, eta domekara bitartean ikusi ahalko da Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Erakusketak liburuen izaeran azpimarratzen du, hizkian, idazketan, diseinuan eta inprimaketan sakonduz.
Gurpila, aulkia, artazia, anestesia eta elektrika gizakiak sortutako objektuak dira, erabilgarriak bezain beharrezkoak, baina gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako bat da liburua. Galileo Galileiren berbei kasu eginda, “alfabetoa da gizakiaren asmakizun handiena”. Eta, hain zuzen ere, Liburuaren arbola erakusketa ondu du Euskararen Etxeak, martxoaren 5era arte Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan ikusgai egongo dena.
Erakusketak dioenaren arabera, historiako lehen “hedabide masiboa” da liburua, aurreneko objektu industriala. Izan ere, liburuak inprimategietan egiteari esker, “mundua bizkortasunez” hasi zen aldatzen XV. mendean. Liburuek esperientziak eta jakintzak elkarregaz trukatzea eragin zuten, eta, horrek, era askotako aurrerapenak ekarri zituen denbora laburrean.
Hain zuzen ere, eraldaketa horretan eta liburuen izaeran sakontzen du museoan dagoen erakusketak, izan ere, liburuen izaera lau ataletan banatzen du: hizkia, idazketa, diseinua eta inprimaketa. Bisitariek, beraz, hizkiek zelako anatomia daukaten ezagutu dezakete, baita testuek zelako formak hartzen dituzten ere. Liburuaren parteak zeintzuk diren eta horiek euskaraz zelan izendatzen diren ere ikas daiteke erakusketan.
Liburuaren izaera azaltzeaz gain, erakusketak liburua bera zer den ezagutaraztea bilatzen du, bisitariek hori ulertzeko eta horri behar duen garrantzia emateko. Halaber, liburuaren zati nagusiak identifikatzen ditu: letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia. Liburuan parte hartzen duten eragileak ere garrantzitsuak dira, horiek baitira liburua egiten dutenak; beraz, idazlearen, editorearen, irakurlearen eta inprimategiaren lana aztertzen ditu bildumak. “Orriak eta hostoak ditu liburuak, arbolak bezala. Eta enborra, eta adarrak. Testua diseinatzea, inprimatzea eta jostea dira inprimategiaren eginkizunak”, adierazten du erakusketak.
Halaber, Euskal Herria Museoaren helburuei jarraiki, erakusketak bisitariak euskal literaturara eta liburugintzara gerturatzea du helburu, bereziki Bizkaiko literaturara. Jakinarazi dutenez, urtero 2.500 liburu inguru argitaratzen dira euskaraz.
“Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zuri jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu”, diote erakusketaren arduradunek. Irakurtzea “abentura” bat dela diote, “desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan” barrena.
Hala, erakusketak testuak irakurtzeak irakurlea jantzi egiten duela dio: “Gure bigarren memoria da idazketa. Libre zara ezer ez irakurtzeko, zure inteligentziari zalantzarik sortu nahi ez badiozu”.
Bisita gidatuak.
- 10:00, 11:00, 12:00, 13:00 (ikastetxe, elkarte eta euskaltegientzako)
- 17:00 eta 18:00 (bisita irekiak)
- 11:00 eta 12:00