Beste hiru hilabetez luzatu du Pablo Gonzalezen atxiloaldia Poloniako auzitegi batek
Gainera, kazetaria askatzeko eskatu dio Amnesty Internationalek Poloniako Fiskaltzari. Erakundeak salatu du kazetariak ez duela bermedun prozesu bat izan, eta familiagaz harremana izatea ukatu diotela.
Urtebete beteko da bihar (martxoak 28) Poloniako Poliziak Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarra atxilotu eta espetxeratu zuenetik, eta RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak jakinarazi duenez, atxiloaldia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki du Poloniako auzitegi batek gaur. Hala, gutxienez maiatzaren 24ra arte jarraituko du preso kazetari elantxobetarrak.
Poloniako justiziak “preso arriskutsutzat” du Gonzalez, eta, ondorioz, baldintza “gogorretan” dute preso. Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak salatu duenez, Gonzalezek eskuburdinak eroan behar ditu momentu guztietan, ezin da bere zeldatik atera, eta “biluztera” behartzen dute egunean hainbat bider.
Hori horrela, Gonzalezen atxiloaldia “ahalik eta arinen” amaitzeko eskatu du erakundeak. Gainera, urteurrena baliatuta, AI Amnesty International erakundeak kezka adierazi du Gonzalezen isolamendu egoeragatik, eta, epaiketaren zain, kazetaria askatzeko ere eskatu dio Poloniako fiskal nagusiari. Ez du haren erantzunik jaso.
Ukrainako mugatik 13 kilometrora atxilotu zuten iaz, Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zela, eta Errusiako zerbitzu sekretu militarrentzat lan egitea leporatuta. Orduan, hiru hilabeteko behin-behineko kartzelaldia ezarri zioten, baina hura luzatzen joan da Rzeszowko Auzitegia, eta Gonzalezek urtebete beteko du preso bihar.
Amnesty Internationalek jakinarazi dutenez, gaur gaurkoz, Gonzalezek harremana izan dezake bere abokatuagaz –Gonzalo Boye–, eta Espainiako Estatuak Polonian duen kontsularen bisitak jaso ditzake. Hala ere, salatu du “irregulartasunak” egon zirela prozesuaren hasieran: “Ez zuen ofiziozko abokatuaren laguntzarik izan atxilotu eta 16 egunera arte. Aukera askeko abokaturik ere ez zuen izan bi hilabete gerora arte”.
Erakundeak zehaztu duenez, delitu penalak leporatzen zaizkien pertsonek “ez dute zaintzapean egon behar” epaiketaren zain
“Eskubideen urraketak”. Horiek bermedun prozesu baten “aurkako” erabakiak direla dio erakundeak, eta, beraz, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren eta Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren kontrakoak.
“Espetxeratze baldintzei buruzko nazioarteko araudiak dioenez, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak ezartzen dutenez, pertsona orok “lehenbailehen” jaso behar du atxiloketaren arrazoien berri, baita atxiloketaren aurka egin ahal izateko dituen eskubide guztien berri ere. Gainera, erakundeak zehaztu duenez, delitu penalak leporatzen zaizkien pertsonek, oro har, “ez dute zaintzapean egon behar” epaiketaren zain: “Esplizituko aitortzen dute pertsona aske uztea, epaiketan agertzeko bermeen menpe egonik, hala nola fidantzapeko askatasuna edo agintarien aurrean aurkezteko betebeharra”.
Amnesty Internationalek gogoratu duenez, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak baieztatzen dutenez, “abokatu laguntzarako eskubidea benetako ordezkaritza izateko eskubidea” da, eta ez bakarrik abokatu bat bertan egoteko eskubidea. “Defentsa abokatuek, ofiziokoek barne, askatasunez eta arduraz jokatu behar dute, legearekin eta lanbide juridikoaren arau eta printzipio etikoekin bat eginez. Prozesuaren eta ikerketa judizialaren lehen faseetan abokatu laguntza eskuratzea bereziki garrantzitsua da prozesu bat behar bezalako bermeekin betetzeko”, argudiatu dute elkartekoek.
Bisitak ukatzea “tratu ankerra” izan daitekeela salatu du Amnesty Internationalek
Familiagaz harreman eza. Gaur egun, Gonzalezi ez die uzten familiarekin “harreman zuzena eta erregularra” izaten, ez telefonoz, ez bideo deiz; hain zuzen ere, azaroan bakarrik utzi diote emaztearen bisita jasotzen. Atxiloketa baldintzei dagokienez, baina, erakundeak dio zaintzapean dauden pertsona guztiek dutela eskubidea hirugarren pertsona bat jakinarazteko atxilotu egin dituztela edo giltzapetuta daudela. “Atxilotuek kanpoko munduagaz komunikatzeko eta bisitak jasotzeko dituzten eskubideak oinarrizko babesak dira giza eskubideen urraketen aurka. Arrazoizko erraztasun guztiak jaso behar dituzte senideekin eta lagunekin komunikatzeko eta euren bisitak jasotzeko. Gonzalezen kasuan, espetxeetako agintariek ez dituzte baldintza horiek bete”, diote.
Bisitak ukatzea “tratu ankerra” izan daitekeela salatu du erakundeak: “Europako Auzitegiak onartu du familia bisiten zentzugabeko murrizketak ahalbidetzen dituzten behar bezain zehatzak ez diren legeek edo erregelamenduek bizitza pribaturako eta familia bizitzarako eskubidea urratzen dutela”.