Asiako liztorrari buruz ariko dira Mundakan ere
Egueneko hitzaldira bertaratzen direnek, liztor asiarra geldiarazteko tranpak jartzen ikasiko dute.
Beste herri batzuetan egin modura, mundakarrek ere Asiako liztorrari eta liztorrak bertoko erleengan duen eragin negatiboari buruzko hitzaldian parte hartzeko aukera edukiko dute eguenean (martxoak 2), 19:00etan, Tribisarrospe Kultur Etxean. Bertaratzen direnek, gainera, beren aletxoa jarri ahalko dute arazo hau konpontzeko; izan ere, liztor asiarra geldiarazteko tranpak jartzen ikasiko dute.
Jakitera eman dutenez, liztor asiarra espezie inbaditzaile bihurtu da, eta ezti-erleen populazio autoktonoak mehatxatzen ditu: “2004tik dago Europan, Frantzian intsektu horren ale bakarra aurkitu zenetik, Txinatik etorria. Ordutik, urtean, batez beste, 80 kilometro zabaldu du bere lurraldea, erleak, euliak eta bertako beste intsektu batzuk jaten ditu”. Gaineratu dute, pertsonentzat ere “arrisku handikoa” izan daitekeela, “oso oldarkorra baita habietatik gertu”.