"Nepaleko jendea ezagutzea, eta sherpekin edozein mendi eskalatzea sekulakoa da"
Trekkingak gidatzen ditu Lur Uribarren alpinistak, eta Nepaleko Makalu bailarako hainbat gizarte proiektutan buru-belarri ari da laguntzen. Horiei buruz ariko da, gaur, Kortezubin.
Mendiek, paisaiak, askatasun sentimenduak, baina, batez ere herritarrek, Mingma Dorji Sherpak eta Lakpak lotzen dute Lur Uribarren alpinista Nepalekin. Olatu artean arraunlariak zuzentzetik, Himalaiako espedizioak gidatzera igaro da Elantxobekoa. Arraunean zebilela hasi zen Himalaiako gailur altuetara irteera handiak egiten, eta, gizatasunak, elkartasunak eta gizarte ekintzak lotu dute Nepalekin zein bertako bizilagunekin.
Itsasoaren mailatik Himalaiako mendi altuetarainoko desnibela gainditu eta espedizioetan parte hartzera hasi zen Uribarren, eta, iaz, SOS Himalay elkartearekin lan egiteko aukera izan zuen, Nepaleko Makalu bailaran elkarteak zituen gizarte proiektuak garatzen ziren edo ez aztertzeko. Izan ere, Iñaki Otxoa de Olza hil zenetik (2008), gaur egunera bitarteko proiektuen gauzatzea aztertzea, eta horiek dokumentatzea zen bere asmoa: eskolak ze egoeratan zeuden ikustea, argia zuten jasotzea, eta edateko ura zuten jakinaraztea.
«Alkoholismoarekin sekulako arazoa dute Makaluko bailaran, eta lagundu gura dut»
Esperientzia “gogorra bezain polita” izan zela dio, eta Nepaleko Makaluko bailaran zelan bizi ziren ikusteak “harritu” egin zuen mendi gidaria: “Ez dituzte gure besteko erraztasunak janaria lortzeko edota eskolara joateko. Gainera, alkoholarekin sekulako arazoa dago. Izan ere, Nepalen asko egon naiz azken urteetan, eta ez dut herri horiek eta horien arazoak ezagutzeko aukerarik izan, baina proiektu horri esker errealitatea ezagutu dut. Espedizioetan, tonakako pisua duten materialak mugitzera joaten ginen, baina, ez ginen herrietan gelditzen. Iaz, motxila hartuta joan nintzen, eta herriz herriko egoerak aztertu nituen. Bertako familiekin elkartu nintzen, eta ikusi nuen zelan bizi ziren, eta euren parte sentitu nintzen”. Orain, lagun asko ditu bertan, eta Himalaiara doan bakoitzean “etxean moduan” sentitzen da.
Lan esperientzia horrek, gainera, betiko Nepalekin batuko duen arrazoia ekarri zion: Lakpa. Uribarrenek Makaluko bailaran ezagutu eta babesean hartu zuen Nepaleko sei urteko umea da Lakpa. “Nire sherpa moduan lan egiten duen Mingma Dorji Sherparen etxean egon nintzen iaz, anaia baten moduan sentitzen dut, eta berarekin bere etxean egoteko aukera izan nuen. Bere etxean nengoela ezagutu nuen Lakpa, eta bere historia ezagutu eta gero, babesean hartzea erabaki nuen. Izan ere, familia alkoholikoa zuen, aitak ama jotzen zuen, eta amak ihes egitea lortu zuenez, umea bakarrik gelditu zen, umezurtz”, azaldu du Uribarrenek. Dioenez, “umezurtz asko” daude bailara horretan, gehienak neskak, Udana neskak izenagaz ezagutzen direnak: ”Neska horiek babesteko zentro bat dago, baina Lakpa mutila denez, ezin zen eskola haretan sartu, eta hura laguntzea erabaki nuen”. Hala, diruz laguntzen du Lakpa, haren hezkuntza bermatzeko eskola eta Katmandun lo egiteko lekua ordainduz. Himalaiara doan bakoitzean berarekin egoteko denbora hartzen du Uribarrenek, jolastekoa eta partekatzekoa.
Hain zuzen ere, “hein handi batean”, horregatik ari da herriz herriko hitzaldiak eskaintzen: Nepalen bizi duten egoeraren berri emateaz gain, Nakpari laguntzeko. “Hitzaldiak emateagatik udalek lagundu egiten didate, eta diru horren erdia Lakpa laguntzeko erabiltzen dut», azaldu du. Gaur, 19:00etan, Kortezubiko udaletxearen beheko solairuan eskainiko du solasaldia.
Uribarrenek zehaztu duenez, SOS Himalaya Nafarroa eta SOS Himalaya Nepalen arteko bitartekaritza lanak egin zituen iazko proiektuan, eta Nepaleko elkartearen sortzailea eta bere “lagun ona” den Mingma Dorji Sherparen –Iñaki Otxoa Olazen sukaldaria zena– proiektuan lagundu nahi du orain: “Makaluko bailaran dagoen alkoholismo tasa izugarria da, eta erabaki du erreabilitazio zentro bat sortzea, eta horretan lagundu gura dut”.
Gidariak azaldu duenez, hasi dute obra, eta hango herritarrak zentrora bideratu gura dituzte, “proiektuaren helburua baita herritarrek ez edukitzea 24 orduak libre edateko”. Uribarrenek berak ere obran lagundu du.
Lanbidea. Gizarte lan hori egiteaz gain, lanlekua ere badu Himalaia. Mendizaleak munduko mendi gailurrenetatik gidatzen ditu. Beti gustatu izan zaio mendia, “batez ere eskalatzeko”, eta horren aldako apustua egiteko erabakia hartu zuen arraunlari ohiak. Izan ere, arrauna “lan bat” zen berarentzat, eta patroi lanetan aritu zen talde horietan bakarrik balio zuen irabazteak; “presio handia eduki genuen”.
Arraunak «gauza asko eman eta kendu» dizkio, baina 2013an arraunetik aldentzea eta eskalatzeari lehentasuna ematea erabaki zuen: “Denbora bat behar nuen nire bizitzan, eta Alpeetara joaten nintzen eskalatzera. Fabrika batean egon naiz lanean 12 urtez, baina beti nengoen bide berean, eta ez nintzen baloratuta sentitzen. 2018an, baina, Urdaibaik kontratu oso ona eskaini zidan, eta arraunera bueltatzea erabaki nuen. Hala ere, gida izateko ikasketak hasi nituen, eta, bitartean, Deustun eta Kaikun aritu nintzen, mendiko ikasketak lehenetsita“. Kaikuko azken urtean, irteerak zuzentzeko aukerak hasi zitzaizkion eta arrauna utzi zuen. “Gauza berriek beldurra ematen dute, eta erronka handi eta berriak dira hauek, baina aurrera noa eta pozik nago. Mendiak bete egiten nau”, dio.
Gida izateko praktikak Alex Txikonekin egin zituen Nepalen, bere talde bat zuzentzen. “2020an, Ama Dablam mendia eskalatzera eta Everestera joateko eskaintza egin zidan, eta hortik hasi nintzen”. Ikastetik irakastera igaro da orain.
«Nire lekua egin dut Nepalen, eta ondo lan egitea da nire etorkizuneko erronka»
Lanean dagoenean, “erantzukizun asko” dituela onartzen du, norbere burua zaintzeaz gain, trekkingeko parte hartzaileen segurtasuna bermatu behar duelako. “Odolean duten oxigenoa neurtzen diet beti, ez delako erraza altura horietan ibiltzea. Giden lana da noraino joan ahal garen adieraztea, segurtasuna lehenetsiz. Erabaki gogorrak dira, baina hartu beharrekoak. Lanean oso argi daukat zertan ari naizen, ezin da akatsik egon, dena eduki behar dut kontrolatuta. Horretarako gaude gu, jendea zuzen joateko eta horien helburuak betetzen laguntzeko”, adierazi du Uribarrenek.
Helburu “politak” ditu etorkizun hurbilerako: “Apirilean Nepalera noa familia batekin, bederatzi eta hamabi urteko haurrak barne, eta sekulako erronka da niretzako, baita eurentzako ere. Everesteko kanpaleku baseraino joan eta Kalapathar igotzen saiatuko gara, 5.530 metrotara dagoen tontorra. Ume horiek mendizaleak dira, baina niretzako erronka bat da horiekin ibilbide hori egitea eta eurei erakustea han zelan bizi diren. Eurentzako bizitzako master bat da, eta nire umea ere ezagutuko dute, gurekin egongo baita Nepalen”.
Erronka pertsonalak. Zaletasuna lanbide bihurtu du, baina bere erronka pertsonalak egiteko tartea ere izaten du Uribarrenek. Urtarrilean, esaterako, Ama Dablam bikotean eskalatzeko saiakera egin zuen. “Pemba sherpa eta biok bakarrik joan ginen, baina erronka ez zitzaigun espero moduan atera. Mendi oso teknikoa da, eta zegoen haizeagaz ezin izan genuen erronka gauzatu. Sekulako ezintasuna sentitu nuen, proiektua prestatzen denbora asko igaro genuelako, eta ekonomikoki ere diru asko utzi genuelako”
Bere erronkez berba egitean, “ondo lan egitea” dela bere helburua dio: “Oso pozik nago ezagutu dudan jendeagaz, eta pilo bat kontaktu ditut. Nire lekua egin dut Nepalen, eta ondo lan egitea da nire erronka”. Proiektu asko ditu Nepalerako –lau itxita–, eta buru belarri ari da horietan lanean. Hala jarraitu gura du, “proiektu berrietan pentsatzen”.
Ez diela zortzimilakoei “garrantzia berezirik ematen” dio, baina onartzen du horietako bat probatzea gustatuko litzaiokeela: “Altura horietan ibiltzearen sentsazioa ezagutzea gustatuko litzaidake, zazpimilakoetan aritutakoa naizelako, baina zortzimilakoetan ez. Gogorra izan behar da, baina, hala ere, orain, Ama Dablam den mendi teknikoan eskalatzeak asko betetzen nau. 6.800 metro ditu, baina mendi polita da”.
Gainera, Nepal gehiago ezagutzen jarraitu gura du. “Nepaleko jendea gehiago ezagutzea, eta bertako sherpekin edozein mendi eskalatzea sekulakoa da. Horrek betetzen nau, esperientziak partekatzeak, eurekin egoteak eta euretaz ikasteak”.