Mundakan identifikatutako erronkei aurre egiteko helburuak definituko dituzte herritarrekin batera
Mundaka Amestuz proiektuaren baitako hurrengo urratsa martxan jarriko dute. Hala, udala herritarrekin batuko da martxoaren 1ean eta 9an, 18:00etan, Gaztelekuan.
Mundakako egungo eta etorkizuneko erronkak identifikatzea helburu daukan Mundaka Amestuz proiektuak aurrera darrai, izan ere, Mundakako Udalak herritarrekin batera diseinatu gura du 2030. urteko Mundaka.
Proiektuaren lehenengo fasean bost erronka identifikatu zituzten, ondorengoak dira: turismoa, etxebizitza, mugikortasuna, aisia eta kultura eta komunitatea. Orain, aipatu erronkei aurre egiteko helburuak definitzen hasiko dira, eta udalak herritarrekin batera egin gura du hori ere. Horregatik, bi hitzordu jarri dituzte: martxoaren 1a (eguaztena) eta 9a (eguena). Bi egun horietan, 18:00etan batuko dira Gaztelekuan.
Herritarrak animatu dituzte parte hartzera, denen parte hartzea “beharrezkoa” dela iritzita. Parte hartu gura dutenek bertaratuko direla jakinarazi behar dute harrera.mundaka@bizkaia.org helbide elektronikora mezua idatzita.