Ipuin kontaketa saioak, Bermeon eta Gernika-Lumon
Bermeoko Udal liburutegian eta Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan literaturaren mundu miresgarrian murgiltzeko gonbidapena egin dute datozen egunotarako. Badut ipuin musikatua eskainiko dute bihar (otsailak 24), 18:00etan hasita, Bermeoko Udal liburutegian. Euskal Herrian Museoan, berriz, Marimundukoren eskutik, Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak saioa ikusteko aukera egongo da domekan (otsailak 26), 12:00etan.
Bermeokoa 4 urtetik aurrerakoentzat da, eta Gernika-Lumokoa 5 urtetik aurrerako umeei eta familiei zuzenduta dago. Euskal Herria Museoko saio horretan parte hartzeko aurretik izena ematea ezinbestekoa da euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita edo 94-625 54 51 telefono zenbakira deituta ( euro 1 ordaindu behar da)
Badut ipuin musikatuan umorez eta musikaz betetako maletak dira ipuinak. Umeek ipuin askoren gainetik “hegan egingo dute”, momentu onak sentiarazten dituzten mundu batean murgilduz: “Mundu guztiak gure istorioekin bidai bat egin dezan, emozionala batez ere, eta era berean, une atsegina igaro”.
Belaunaldiz belaunaldi, aitona-amonek afalostean, sutondoan, kontatzen zituzten ipuinez beteko da Euskal Herria Museoa. Ipuinen “mundu miresgarrian eta legenden lurraldean” murgiltzeko aukera zabalduko zaie parte hartzaileei; ipuin harrigarriak kontatuko dituzte, barregarriak batzuetan, beldurgarriak beste zenbaitetan.
Euskal mitologiaz zipriztinduko dira saiora hurbiltzen diren guztiak; Basajaun, Basandere, Torto (Tartalo), Samartin Txiki, Sorginak, Aztiak, Lamiak eta hainbat pertsonaia mitologiko bizi diren inguru magikoan sartuko dira.