Bermeoko osasun zentroan "pediatra gabezia" dagoela eta, sinadurak batzen dabiltza
Herritar talde batek hasi du sinadurak batzeko kanpaina, eta Bermeoko eta Mundakako denda eta taberna askotan utzi dituzte sinadurak batzeko orriak; change.org plataformaren bitartez ere sinatu daiteke.
Bermeoko osasun zentroan “pediatra gabezia” dagoela eta, sinadura bilketa abiarazi du herritar talde batek. Azken hilabeteetako arazoagaz “nekatuta” daudela diote, eta “konpobiderik jartzen ez dutelako” kexu dira. Hala, egoerari “berehalako irtenbidea emateko” eskatu dute.
Ekimena abiarazi dutenek azaldu dute osasun zentrotik jakinarazi diotela, bi pediatra baino ez daudela Bermeon: “Horietako bat epe luzerako bajan dagoela esan digute, eta bestea, berriz, lanaldi murriztuagaz, hortaz, ez dago egunero osasun zentroan. Ia inoiz ez dituzte hutsegite horiek ordezkatzen”. Hori guztia kontuan hartuta, haserrea agertu dute uste dutelako Osakidetzak “ez duela pediatra zerbitzua bermatzen”. Bermeoko osasun zentroak, gainera, Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako biztanleei eskaintzen die arreta, eta hortaz, hiru pediatra egon beharko liratekela adierazi dute.
Aipatu dutenez, ume asko daude beren adinerako dagozkien nahitaezko azterketen zain; «ez dagoelako pediatrarik azterketa horiek egiteko». Horrez gain, egunero gaixotzen diren eta arreta emateko pediatrarik ez duten umeak daudela gogorarazi dute.
Argi utzi gura dute ez daudela osasun zentroko langileen aurka, “daudenak ahal duten guztia egiten dutelako”. Osakidetzari, baina, “berehalako neurriak hartzea” eskatzen diote.
Banakako kexak. Egoerari “buelta emateko” zerbait egin behar dela iritzita hasi dira, hortaz, sinadurak batzen. Bermeoko eta Mundakako denda eta taberna askotan aurkitu daitezke sinadurak batzeko utzi dituzten orriak. Martxoaren 1a (eguaztena) bitartean utziko dituzte orriak leku fisikoetan. Bestalde, change.org plataformaren bitartez ere ari dira sinadurak batzen.
Diotenez, “ondo legoke”, gainera, banan-banan osasun zentrora bertaratu, eta kexa bat jartzea; badakite, baina, hori zailagoa izan daitekeela.
Urtarrileko osoko bilkuran Bermeoko Udala osatzen duten alderdiek ere Bermeoko osasun zentroko egoeragatik “kezka” agertu zuten, eta jakinarazi zutenez, guztien artean adostutako idazki bat bidali zioten osasun sailburu Gotzone Sagarduiri.