Bertoko Azoka Txikia egingo dute zapatuan
Eako Donibane-Arritola plazan egingo dute, 11:30etik aurrera. Denetariko produktuak egongo dira salgai bertan.
Eako Udalak antolaturik, datorren zapatuan, hilaren 25ean, Bertoko Azoka Txikia egingo dute Eako Donibane-Arritola plazan. 11:30etik aurrera emango diote hasiera azokari, eta inguruko ekoizle nahiz artisauak elkartuko ditu. Hain zuzen ere, Bertoko Azoka herrian sarri egiten duten egitasmoa da, eta bere jomuga nagusia kontsumo zein ekoizpen arduratsuak, lekukoak eta jasangarriak bultzatzea da.
Hori dela eta, denetariko eskaintza edukiko dute zapatuan Eara hurreratzen direnek. Bedarokela haragia eta bere eratorriak egongo dira; baita inguruko fruta ere, besteak beste, kiwiak. Lurbai ortuari ekologikoak ere azokan egongo dira, eta sasoiko barazkiak salgai edukiko dituzte. Esnekien zaleentzat ere aukera paregabea izango da datorren zapatuko azoka, Kortezubitik joandako Santana Esne eta Esnekiak-ekoak ere han egongo baitira beren denetariko produktuak saltzen. Eskaintza borobiltzeko, Oraska Ogiak-ekoek denetariko ogi motak eroango dituzte Errigoititik Eara: ama orezkoa, haziduna, integrala, eta abar. Tokiko arrautzak eta Aberaska erlauntzako produktuak ere edukiko dituzte eskuragarri bertaratzen direnek.
Martxoaren 4an bisita gidatua egingo dute Bedarokelaren instalazioetara
Bestalde, martxoaren 4an Bedarokelaren ustiategia ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. Instalazioak eta bertako funtzionamendua ezagutzeaz gain, animatzen direnek falda errea jango dute. Lehendabiziko aldia izango da bisita gidatu hori egiten dutena. Horrez gain, bezperan, martxoaren 3an, Urtzako labatokian baserriko ogia egingo dute, biharamuneko bisita gidatuan ere dastatu ahalko dena.