Mikel Bilbao izango da Herritarren Alternatiba alderdi berriaren zerrendaburu
Mundakarrek hautagaitza berria edukiko dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Azaldu dutenez, "herrian antzeman duten aldaketaren beharretik" sortu dute hautagaitza.
Herritarren Alternatiba izeneko alderdi berria sortu dute Mundakan, eta Mundakako alkate ohi Mikel Bilbao Ruiz izango da zerrendaburua. Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) aurkeztutako zentsura mozio baten bitartez, alkatetzatik kanpo geratu zen mundakarra. Orain, baina, “alderdi politiko tradizionalekiko hautagaitza independente” bategaz dator, “herrian antzeman duten aldaketen beharretik” sortu dutena.
Hala, mundakarrek hautagaitza berria edukiko dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Herritarren Alternatiba “oinezko herritarrek” osatzen dutela dio Bilbaok, “interes komunak” dituztenak: “Aurrerapausoa ematea erabaki dugu herritarrei benetako alternatiba bat emateko, eta euren zerbitzura bakarrik lan egiteko. Euren kezkak eta beharrak entzungo ditugu, eta eurekin udalerriko proiektu guztiak aurrera eroateko”.
2019tik 2021era bitartean udalerriko alkate izan zenak esan du aurreko agintaldian “udalerriarentzat interesgarriak ziren proiektuak baztertuta geratu” zirela, eta “guztien parte hartzearekin” sortzen diren proiektu berriekin batera, “mundakarren bizi kalitatea hobetzeko inplementatu ahalko dira”. “Gogor lan” egingo dutela dio, proiektuak “errealitate bihurtzeko, independentziaz eta zintzotasunez”.
“Pena eta amorrua ematen digu gobernatzen ari direnak herria nola uzten ari diren ikusteak. Mundakan gertatzen ari dena ez da kasualitatea, hamarkadetako botere politiko absolutuaren ondorio zuzena baizik”, nabarmendu du Bilbaok.