Kalera atera dira osasun langileak, "osasun publikoa desegitearen aurka"
Osakidetza defendatzeko eta "osasun publikoa desegitearen aurka" agertzeko atera dira kalera langileak. Gaurko elkarretaratzeak zapatuan Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiruburuetan egingo dituzten mobilizazioen aurrekariak izan dira.
Osakidetzako Ospitaleetako eta Lehen Mailako Arretako langileak lantoki atarietara atera dira gaur Busturialdean, Osakidetzaren kudeaketa “nazkagarria” salatzeko. Gaurko elkarretaratzeak zapatuan Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioen aurrekariak izan dira. Izan ere, zapatuan 12:00etan aterako dira mobilizazioan Jesusen Bihotza plazatik, Andra Mari Zuriaren plazatik eta Boulevardetik, “osasun publikoaren desegitearen aurka” manifestatzeko: “Dei egiten diegu langileei, herritarrei eta gizarte mugimenduei mobilizatzeko, guztion osasuna defendatzeko”.
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dituzte mobilizazioak, Osakidetza defendatzeko eta “osasun publikoa desegitearen aurka” egiteko. Izan ere, sindikatuentzat, Osasun sailak osasun publikoa “desegin” gura du: “Osasun sailak gure osasun publikoa desegitearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, aurtengo ekitaldirako aurrekontua 2022koa baino 20 milioi euro txikiagoa delako. Badirudi, Jaurlaritzarentzat, aurten iaz baino beharrizan txikiagoak daudela”.
Sindikatuek salatu dute prekarietatea dela oraindik ere Bizkai, Araba eta Gipuzkoako osasun publikoaren “arazo handienetakoa”: “Behin behinekotasun tasa %50etik gorakoa da; erosteko ahalmenaren galera %20tik gorakoa da hamarkada batean; lan gainkarga sistematikoa; lan taldea, urria; ordezkapenik ez da egiten eta lan postu hutsak ez dira betetzen; eta murrizketak ditugu lan baldintzetan”, azaldu dute, eta zapatuetako elkarretaratzeetan parte hartzeko deia zabaldu dute.
Mahai sektoriala “erabat blokeatuta” dagoela ere salatu dute osasun langileek: “Osakidetzako zuzendaritzak langileria eta ordezkariekin hitz egitea mespretxatzen du, eta duela hilabete eta urte batzuetatik hona inposaketa sistemikoaren alde egiten du. Mahai sektoriala erabat blokeatuta dago”. Adierazi dutenez, Osakidetzak ez du “erabakitzeko ahalmenik”, eta Osasun sailak “ez du aintzat hartu” langileen aldarrikapen bakar bat ere.
Elkarretaratzeetan, Enplegu Publikoaren Eskaintzak ebaztean izandako atzerapenak, “gardentasun eza, kontratazio zerrenden kudeaketa tamalgarria edota pribatizazioaren aldeko apustua” kritikatu dituzte langileek.
Gainera, diotenez, herritarrei eskaintzen zaien osasun laguntza eskuratzea “gero eta zailagoa” da, baita “kalitate eskasagokoa” ere. Sindikatuek lehen mailako arretaren “gainkarga” salatu dute, baita Etengabeko Arretako Guneen itxiera edo ordutegien murrizketa ere. “Hori dela eta, pazienteek joan-etorri gehiago egin behar izaten dituzte, eta kolektibo kalteberak egoera zailean jartzen dituzte”, adierazi dute sindikatuetako ordezkariek.
Bestalde, sindikatuek azaldu dutenez, ospitaleko Larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da, eta gehienez bi egunekoa plantan sartzeko: “Kanpo kontsulta bat egiteko zain dauden pazienteen kopurua sei aldiz handitu da, proba diagnostiko baten zain dauden pertsonena bikoiztu egin da, eta kirurgiako itxaroten zerrendak %36 igo dira”.