Frank Zubiaga da EAJren alkategaia Errigoitin
Errigoiti "hurbiltasunetik eguneratzeko" konpromisoa daukatela adierazi du EAJren alkategaiak.
Fran Zubiaga Oñarteetxebarria da maiatzeko udal hauteskundeetan Errigoitiko alkatetzarako EAJ-PNVk aurkeztuko duen zerrendaburua. Hautagai jeltzaleak esan duenez, helburua da udalerria “eguneratzea”, eta hurbiltasunez egingo dutela zehaztu du: “Gure herrikideei galdetuko diegu biharko Errigoiti nolakoa izatea nahi duten”. Errigoitiko herria ordezkatzeko eman zaion erantzukizunarekin “esker onez eta harro” dagoela nabarmendu du.
Erabakiak jendeak esandakoan oinarrituta hartuko dituztela hitz eman du: “Eurek izango dute hitza Errigoitirentzat onena dena erabakitzeko. Gure herrikideei galdetuko diegu zer behar duten herriak aurrera egin dezan”. Bidelagun izango duen lantaldearen laguntzarekin proposamen baten zirriborroa egin dute, eta esate baterako, “Metxika eta Madalen auzoetan argiztapena hobetzeko asmoa daukate, baita Metxikako aterpetxeari irtenbidea ematea, errepideen garbiketa hobetzea eta areagotzea eta landa turismoa sustatzea ere”.
Udalerriko zenbait bertute goraipatu ditu: “Errigoitin gehien estimatzen dudana da transmititzen duen bakea, bai eta lasaitasuna ere, hiri handietatik urrun baikaude. Terapiarik onena da goizean goiz altxatzea eta gure inguruei begiratzea, haize garbia arnasteak ez du preziorik. Denek ez dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren birikian bizitzeko pribilegioa”.
Zubiagak azken hamabost urteotan nazioarteko aholkulari komertzial modura lan egin izan du Volkswagen enpresan, eta hiru hizkuntzatan moldatzen da (gaztelania, ingelesa eta euskara).
Kirola da bere zaletasun nagusietako bat, eta herri kirolen sustatzaile “amorratua” da: “Bakarrak dira munduan; gure txikiei irakatsi behar diegu nondik gatozen eta gure sustraiak zein diren. Bestalde, ibilbide luzeko mendi ibililaldiak egiten ditut, nahi beste praktikatzerik ez dudan arren. Alabaren partidetara ez dut huts egiten, Lointek Gernika taldeko kidea da, ezta semearenetan ere, futbolaz gain zesta punta praktikatzen du”.