Irudimenaren ordua heldu da
Mozorrorik onenak jantzita ibili dira asteburuan eskualdean, eta tostada usaina nabaria izan da han eta hemen. Kalejirak, umeentzako jolasak eta bestelako ekintzak egin dituzte. Bihar inauterien egun handia da zenbait herritan, tartean Bermeon.
Mozorroz bete dira herriak. Ondo pasatzeko gogoagaz, eta lotsak alde batera utzita, kolore biziz jantzi dituzte aratusteek Busturialdeko txoko txiki zein nagusiak. Mozorrorik onenak jantzita ibili dira asteburuan eskualdean, eta tostada usaina nabaria da han eta hemen. Kalejirak, umeentzako jolasak eta bestelako ekintza egin dituzte, eta ondo pasatzen jarraitzeko asmoa dute oraindik ere; izan ere, bihar inauterien egun handia da zenbait herritan, tartean Bermeon.
Mundakako aratusteak dira eskualdeko ezagunenak zein berezienak, eta, goizetik, kolorez, musikaz, dantzaz eta mozorroz bete zituzten Mundakako kaleak herritarrek. Eguneroko janzkera alde batera utzita eta mozorroak jantzita, lagun artean gozatu zuten mundakarrek Atorren eta Lamien eguna.
Aratuste, aratuste, mundakarrentzat egun hobarik ez. Marrau atorra zuriakaz, buruan pañuelo sedazko ederragaz. Aratuste, aratuste, tostada egunak ederrak honexek. Honek jan eta neskak hartunda, plazara dantzan iluntzera arte. Ohitura jarraituz eta Aratuste abestia kantatuz hasi zuen atzo Mundakako aratusteak.
Aratuste abestiagaz, La Fonda jatetxearen aurrean hasi zuten ibilbidea Atorrek, Jose Mari Egileorren omenez. Izan ere, bera izan zen 36ko gerraren bukaeran Atorren eta Lamien ohitura berreskuratu zuena. Arratsaldean, Lamien txanda izan zen, eta Atorren kantu berdinagaz eman zioten hasiera Lamiek. 18:00etan atera ziren Mundakako eskolatik, eta handik hasi zuten kalejira zaratatsu eta gogotsu. Urtero legez, orro, dantza eta kantekin girotu zuten herria. Iluntzean, Atorren eta Lamiek bat egin zuten Kale Nagusian, eta elkarregaz aritu ziren kantuan.
Goizean zein arratsaldean, herria jendez gainezka egon zen, bazter guztiak beteta. Goizean zuria bazen kolore nagusia, beltza izan zen arratsaldeko protagonista.
Diskodantza Muxikan. Beste zenbait herritan ere, egun handia izan zen atzokoa, inauteriak ospatzekoa. Muxikan, adibidez, Urtza Herri Kirol Taldekoen eskutik, herri kiroletan trebatu ziren. Gelderik egoteko astirik ez zuten eduki; izan ere, kirol saioaren ostean, diskodantzagaz askotariko koreografiekin erakustaldi ederra eskaini zuten. Mozorrorik onenak ere saritu zituzten; umeetan Marijaiak eta nagusietan Marigorringok jaso zituzten sariak, eta taldekakoa, berriz, dalmaten familiarentzat izan zen.
Marroek bisitatu dute asteburuan Gernika-Lumo. Elai- Alai dantzari taldekoek marroen ikuskizuna eskaini zuten zapatuan zein domekan, eta urteroko oilar jolasean ere aritu ziren.
Marroz jantzi zen Bermeo, zapatuan. Alkartasuna Dantza Taldearen ohiko lantzeko inauteriekin bat egin zuten Txosna Batzordekoek, baita ere, KIETB erraldoi txikien konpartsakoek.
Domekan, berriz, tostaden txanda izan zen. Bermeotarrek Goiko Plazara eroan zituzten tostadak, ogizkoak zein ahiezkoak. Ogizkoen artean gozoenak izan ziren Mamen Gregoriorenak; bigarren saria Ander Egigurenek jaso zuen eta hirugarrena, berriz, Rosa María Ortuzarrek.
Ahiezko tostadetan Jabi Uribarrirenak izan ziren gozoenak, bigarren postuan geratu zen Iker Egaña, eta hirugarrenean Lourdes Izarzugaza.