Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek Winter Series irabazi dute, Xabi Barandika eta Unai Lekerika menderatuta. Azken tantoan eta zutik zeuden 2.000 ikusleen aurrean lortu zuten garaipen handia, Beaskoetxearen ibilbideko azken partiduan.
Ezin zitekeen txapelketa modu hobean amaitu. Winter Seriesko finalak marka guztiak apurtu zituen. Txapelketa hasitako hiru gernika-lumotarrek, finalerainoko bidea eginda, azken borroka libratu zuten Jai Alai katedralean, eta bertaraturikoek egundoko finalaz gozatu zuten. Azkenean, Diego Beaskoetxeak, bere azken txapelketa handian, merezitako agurra eduki zuen; Imanol Lopez zumaiarragaz, 2-1 nagusitu zen Xabi Barandika eta Unai Lekerikaren aurka. Eskarmentua ahaztu ezinezko faktorea da goi-mailako kirolean. Lehen setean nagusi agertu ondoren, Beaskoetxeak eta Lopezek bigarrenean sufritzen jakin zuten, bere aukerei eusteko; Barandikaren ziurtasunak eta Lekerikaren erresilientziak hormaz kontra ipini zituzten beteranoak, bigarren seta irabazi zutenean. Dena dela, odol hotzagaz jokatu zuten hirugarren eta azken setean, eta, tanto bakarreko tartean, Winter Series poltsikoratu zuten.

Argazkia: Markel Suarez/Eraman Jai Alai.
Norgehiagokak gerra itxura eduki zuen estreinako pilotakadatik. Urdinak tanto bi aurreratu ziren, baina, biko berdinketaren ondoren, bikote gorriak
bere plana abian ipini zuen: pilota hila baliatuta, Lekerika atzealdeko koadroetan
zigortzea. Estrategia horri heltzerakoan, Lopez
giltzarri izan zen. Gipuzkoarrak bikain bete zuen beragandik espero zena, eta gogor jipoitu zuen atzelari gernika-lumotarra. Gogor saiatu arren, Barandikak ezer gutxi egin ahal izan zuen, erreboteak bederatziko markatik egin behar izan baitzituen.
Lekerika gogor zigortu zuten atzealdeko koadroetan, maila onagaz eutsi ahal izan bazuen ere
Partiduari erritmoa doi-doi hartuta, Beaskoetxeak bere ezizenari, Iceman-i, ohore egin zion eta aurrealdean hotz bezain artez jokatu zuen. Beteranoak erremateak zehaztasunez egin zituen, batez ere, eskumakadaz egindako horma bikoak. Estu hartu zuen kantxaren aurrealdeko koadroetan Barandika; azken hark, bere aldetik, ez zuen une batean ere bere tokia aurkitu. Lehen setak aurrera egin ahala, Beaskoetxearen eta Lopezen nagusitasuna geroz eta begibistakoagoa bihurtu zen, 13-6ko markagailuagaz aurreratzeko gai izan baitziren. Set amaierako protagonista nagusia Zumaiako atzelaria izan zen. Zortzigarren eta bederatzigarren koadro artean kokaturik, kolore guztietako pilotak eroan zituen Lopezek: airez, punpalasterrera, eta abar.
Urdinek azkenengo tantoetan lortu zuten partiduari erritmoa hartzea. Gorrien nagusitasunaren kontra, beharrezkoa zuten beraien jokoa aldatzea eta lehenbailehen emaitzak lortzea. Ordura arte eusten eta eusten aritutako Lekerikak urrats bat aurrera egin, eta urrunetik horma biko ederra egin zuen. Bigarren saiakera ere egin zuen, baina Beaskoetxeak ondo igarri zion asmoa atzelariari eta modu berberean erantzun zion, lehen seta 15-8ko markagailuagaz zarratzeko.
Final handietako jarrera.
Bigarren setak lehenengoaren erro beretik egin zuen hasieran. Beteranoak 3-0 aurreratu ziren, baina, apurka-apurka, urdinek beren tokia aurkitu zuten frontoian, eta gazteen iraultza hasi zen. Barandikak eta Lekerikak pilota bizia erabili zuten, beraien jokoa hauspotzeko. Barandika izan zen, bereziki, bigarren seteko izarra. Zabalera errebotea jaurti zuen, baina Beaskoetxeak asmoa asmatu zion.
Urdinen bigarren seteko hamargarren tantoa gogoangarria izan zen
Dena dela, lehengusuetan gazteena ez zen inondik inora kikildu, eta era guztietako erremateak egin zituen, pilotalekuaren aurrealdea bere eginez. Sakez errestoan 3-1ekoa lortu zuen, eta barrura jota, aldiz, 5-4koa. Jai Alai lepo beteriko 2.000 ikusleak zutunik jarri ziren, aurrelari gernika-lumotarra omentzeko. Tantoz tanto, bikote urdinak lehen setean topatu ez zituzten sentsazioak zukutu egin zituzten bigarrenean, eta finalari bestelako itxura eman zioten. Lekerikak lanak eduki zituen Lopezen pilotakada izugarriei eusteko, baina lortu zuen. Eusteaz harago, urdinen hamargarren tantoak omenaldi usaina eduki zuen: Barandika airez sartu zen, eta jokaldian agintzen hasi; Beaskoetxeak kontrakantxatik erantzun zion, errebotez; jarraian, txik-txak bikaina egin zuen Barandikak; Lopezek eroaten ezinezkoa zirudien pilota eskumuturra bikain dominatuz eroan zuen; Barandikak zabalean amaitu zuen jokaldia. 7-10ekoagaz, berriro ere, ikusleak zutik eta harmailak sutan.

Argazkia: Markel Suarez/Eraman Jai Alai.
Barandika-Lekerika bikoteak, etxekoak, bikain hartu zion neurria aurkariei eta, Lopezek tarteka-marteka egundoko jokaldiak egin arren, nagusi agertu zen bigarren setean. Txapelketarako egindako prestakuntza fisikoa eta lan psikologikoa bistaratzeko unea zen eta ez zegoen hutsegiteetarako tarterik. Urdinek 9-15ekoagaz lortu zuten bigarren seta. Winter Seriesaren bigarren ekitaldia, orain arteko handiena, berdinketa haustean erabakiko zen, horrenbestez.
Kale edo bale.
Hirugarren setean, zirt edo zart egin zuten bikote biek. Hasieratik amaierara lehiakortasuna nabarmendu zen, eta, une batez, beteranoek garaipena esku-eskura eduki zuen, 4-2koagaz. Beaskoetxearen profesional ibilbideko azkenengo sakea izan zitekeen jakitun, ikusleak zutundu egin ziren; nekez pentsatuko zuketen 4-3koa eta 4-4koa heltzear zeudenik. Zoramena izan zen.

Argazkia: Markel Suarez/Eraman Jai Alai.
Azken tantoan, Lopez dominatzaile aritu zen hamarreko koadroan: misilak jaurti zituen frontoi atzealdera. Lekerikak lortu zuen eraso hura guztia eroatea, eta berak ere eskumaz erasoaldiren bat edo beste egitea. Azkenean, bikote urdinak partidua aurrean entregatu zuen, eta zumaiarrak pilota bostetik gurutzatu zuen, egundoko abiaduragaz. Lekerikak ezin izan zuen eroan. Garaipen handia, beraz, Beaskoetxea eta Lopezentzat. Lau puntistak lurrera ziplo erori ziren azken tantoaren ostean. Partidu gogorra, lehiatua eta, batez ere, fisikoa izan zen guztientzat; uneoro azazkalak jateko modukoa, ostera, ikusleentzat.
Partiduaren amaieran, Gernika-Lumoko zesta-punta eskolako umeek korridorea egin zieten lau finalistei eta, bereziki, beren irakasle Beaskoetxeari. Handia da gernika-lumotarrak harrobiaren alde egindako beharra. Podiumera igo orduko, “berotasunagatik eskertuta” agertu zen, eta dimentsio horretako amaiera bat beretzako “zeharo pentsaezina zela” adierazi. Lopezek, ordea, onartu zuen lehen Winter Seriesera baino “egoera dezente hobean” iritsi dela aurten; finalean argi eta garbi utzi zuen egungo atzelaririk puntakoena dela.