Garaipenak ihes egin arren, urteko partidurik borobilena
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 31-36ko markagailuagaz galdu du UE Santboianaren kontra, Urbietan. Gaur bertan plazaratu dituzte Ohorezko Mailako bigarren itzuliko partiduak.
Argazkia: UE Santboiana. Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak bere aurpegirik lehiakorrena erakutsi zuen atzo, Urbietan, UE Santboiana talde kataluniarraren kontrako norgehiagokan. 12:00etan hasita, Ohorezko Mailako lehen itzuliko azken partidua jokatu zuten, ligako hamahirugarren jardunaldikoa. Hasieratik haginak erakutsi eta partidu bikaina egin arren, basurdeek zortea ez zuten lagun izan mailako aurkariaren kontra, eta 31-36ko markagailuagaz galdu zuten.
UE Santboianakoek gogor eraso egin arren, 7-0 eta 12-0 aurreratu ziren etxekoak
Garaipenak ihes egin arren, taldeko entrenatzaile Eduardo Maidaganek argi eta garbi utzi du: “Urteko partidurik borobilena egin dugu. Urte osoan zehar jokalariei jarrera eta inplikazioa eskatu dizkiet, eta bi elementu horiek hasiera-hasieratik igarri nituen atzoko norgehiagokan”. Markagailuan behetik agertuta ere, “egindakoaz pozarren eta harro” agertu da entrenatzailea. Lehen minutuetatik, agerikoa izan zen basurdeak aurtengo helburu nagusia defendatzeko prest zeudela: Urbieta gotorleku bihurtzea. Santboiana, jokalari handienekin, nagusi izan zen lehendabiziko minutuetan. Gogor egin zuten eraso, eta etxekoek lanak eduki zituzten beren ekinari erantzun emateko. Nolanahi ere, 7-0 nahiz 12-0 aurreratzea lortu zuten Gernika RTkoek.

Argazkia: UE Santboiana.
34. minutuan, baina, kataluniarren iraultza iritsi zen: Iker Olaeta gernika-lumotarra kanporatu zuten, eta Santboianakoek kontraeraso bat baliatu zuten, markagailuan berdinketa ezartzeko. Lehen zatia, horrenbestez, jokalari bat gutxiagogaz amaitu zuten. 12-12koagaz joan ziren talde biak aldageletara. Atsedenalditik bueltatu ondoren, Santboianak beren lantaldearen sakontasuna, egindako aldaketak eta, batez ere, zenbaki nagusitasuna aprobetxatu zuten; nagusitasun hori are agerikoagoa egin zen, Peio Urrutia gernika-lumotarra kanporatu zutenean. Hamahiru jokalarigaz, basurdeak defentsa beharretara mugatu ziren, baina moldatu ziren, dena dela, lehiakortasunari eusteko.
Eduardo Maidagan: “Beharbada, bost minutu gehiago jokatzeak garaipenerako atea irekiko liguke, baina hori ezin izango dugu jakin”
Nekea, beren alde.
Urbietako zelaigunea kataluniarrei baino hobeto egokitzen zitzaien jakitun eta mintuek beregain zekarten nekeagaz, basurdeek beren bidea egin zuten partiduan; iaz txapelketa irabazitako taldea, hain zuzen ere, larritasunetan sartuta eduki zuten maiz. 31-36ko markagailuagaz amaitu zuten norgehiagoka. Maidaganen arabera, “denbora apurtxo bat gehiago” falta izan zitzaion etxeko taldeari: “Beharbada, bost minutu gehiago jokatzeak garaipenerako atea irekiko liguke, baina hori ezin izango dugu jakin”.

Argazkia: UE Santboiana.
Santboianaren kontrako porrotetik berreskuraturik, dagoeneko hurrengo zitei begira daude. Gaur bertan egin dira ofizial ligako bigarren itzuliko partiduak. Hurrengo partidua, hain zuzen, martxoaren 11n jokatuko dute, CR La Vilaren kontra. Hori bai, basurdeentzako giltzarria, Maidaganek adierazi duenez, etxean jarraian jokatuko dituzten hiru partiduak izango dira. Apirilean, Pasek Belenos RC, Pozuelo Rugby Union eta taulan puntu biko aldeagaz aurretik daukaten CP Les Abelles hartuko dituzte Urbietan. Horrez gain, Ampo Ordizia gipuzkoarren aurkako euskal derbia ere jokatuko dute, kanpoan. Ikusteke dagoena da Barça Rugbiren kontra jokatuko duten ala ez ikustea da; izan ere, asteburuan Complutense Cisnerosen kontra lehiatu dira, eta bidegabeko alineazioa egin dute Barçakoek; hortaz, beraien presentzia ikusteke dago.
Maidagan: “Gaur-gaurkoz, Jon Gurtubai da min hartuta dagoen jokalari bakarra; behar ona egiteko prest gaude”
Datorren asteetako aurreikuspenari dagokionez, “gogor lan egitea” daukate ortzimugan: “Partidurik gabeko tartea denboraldiaren bigarren zatian prestatzeko erabiliko dugu. Gaur-gaurkoz, Jon Gurtubai da min hartuta dagoen jokalari bakarra; gainontzeko denak eskuragarri daude. Horrenbestez, behar ona egiteko prest gaude, bigarren itzuliak uneoro final usaina edukiko baitu”.