Mestikabasotik Lurgorrirainoko oinezkoen bidean txirrindularientzako tartea egokitu izana salatu dute
Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimenak dio oinezkoei 300 metroko espaloi erdia "kendu" dietela bizikletentzako tartea egokitzeko. Izan ere, zegoen espaloia baldosa gorri batzuekin banatu dute.
Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimenak salatu du Mestikabaso kaletik –Lapurdi eta Zuberoa kaleetatik– Lurgorriraino doan oinezkoen bidean txirrindularientzako tartea egokitu izana eta oinezkoei 300 metroko espaloi erdia “kendu” izana.
“Udalak harrotasunez dio bidegorri berri bat eraiki duela, baina ondorengo hau egin du: dagoen espaloia baldosa gorrien lerro batez banatu du, alde bat txirrindularientzat eta bestea oinezkoentzat banatuz”, jakinarazi dute. Gainera, bidegorria dagoela adierazten duten seinalerik jarri ez izana salatu dute: “Badago seinalerik? Ez dago. Ba al dago seinalerik motordun ibilgailueak ohartaratzeko? Ez dago”.
Gainera, “nahasmena borobiltzeko”, adierazi dute jende itsua gidatzeko erabiltzen diren baldosak jarri dituztela espazioen bereizgailu modura, eta, horrek, istripuak eragin ditzakeela.
“Laburbilduz, azken jarduketaren emaitza hau da: oinezkoei 300 metroko espaloiaren erdia lapurtu zaie”, diote ekimenaren ordezkariek.
Bide batez, Allende Salazar eta Seber Altube eskolak Mestikabasoko bidegorriagaz batzeko proiektua “erabateko ahanzturan dagoela” adierazi dute: “Ez dakigu ezer proiektu hari buruz. Gernika-Lumoko Eskola Bidea gaixoa, alde batera utzi zaituzte; eta, horrekin, eskola komunitate osoa ere bai”.
Gainera, gogoratu dute Iparragirre kaleko bidegorriaren eremua “oso arriskutsua” dela, oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide “estua” daukalako: “Iparragirre kalean txarto seinalatutako bidegorriaren zati bakarra zen udalerriaren zati bat erdiguneagaz lotzeko balio zuena. Baina udalak duela bi urte kendu egin zuen, eta, kale berean, oinezkoentzako eta txirrindularientzako erabilera partekatuko –eta oso arriskutsua dena– espaloi estua egin zuten.”
Aurrekariak.
Gernika-Lumoko 50 kultur, gizarte eta kirol elkarteek baino gehiagok Bidegorridxe Gernika-Lumon Ekimena izeneko manifestuaren alde egin zuten 2011n, eta manifestu horregaz udalari eskatu zioten bizikletentzako bide sare bat eraikitzeko, herriko gune soziokulturalak elkartzeko asmoz: eskolak, kultur etxea, liburutegia, kiroldegiak, antzerkia, merkatua…. Hala ere, “oraindik ez dela ezer egin” esan dute.
Hori dela eta, udalbatzak bere garaian hartu zuen konpromisoa “ez duela bete” adierazi dute Bidegorridxe Gernika-Lumon ekimenekoek: “Gernikan oraindik dagoen bizikleta bidea ezerezean hasten eta amaitzen denez, eta ikuskatu litekeen etorkizuneko kontzepturen baten parte ez denez, berretsi egin da udalbatzak bere garaian hartu zuen konprimisoa ez dela bete”.